Udal eta Foru Hauteskundeak -
hirugarren eguna
Jeltzaleen kudeaketa: EAJren ustez, altxor; EH Bilduren arabera, kalte
PPk dio ez duela onartuko "Gipuzkoak Bizkaiko jaia ordaintzen jarraitzea". PSEk "lantaldeak, estatus berriak eta banderak" alde batera uztea eskatu dio EAJri. Ahal Duguk frackingaren kontra egin du.
Agentziak
EAJk azken urteotan egindako kudeaketa mintzagai izan dute zenbait alderdik, 2015eko udal eta foru hauteskundeetako kanpainaren hirugarren egunean; jeltzaleak harro agertu dira egindako lanagatik eta oposizioko talde nagusienak haien kontra egiteko erabili du, hain justu.
Hala, Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusi izateko hautagai jeltzaleak ziurtatu egin du EAJK ez dituela "promesarik" eskaintzen, baizik eta "ekintzak". Gaineratu duenez, maiatzaren 24an herritarrek aukeratu egin beharko dute besteek eskaintzen dituzten "esperimentuen" eta jeltzaleen "lanaren" artean.
Lekeition egindako hauteskunde-ekitaldi batean, Rementeriak positibotzat jo du "EAJren eguneroko lana jarduera ekonomikoa eta kalitatezko enplegua sustatzeko, ideien, proiektuen eta ilusioaren bidez".
Horren ildotik gogoratu duenez, jeltzaleek lortu dute "PCBk 20 milioi euro inbertitzea Sestaoko lantegi berri batean eta kalitatezko 200 lanpostu sortzea Ezkerraldean eta Bizkaian; Gestampek Boroan egitea nazioarte mailako formakuntza zentroa, TysenKrupp enpresak Zamudion egitea I+G zentroa; Alstomek lantegi berri bat egitea Ortuellan; Lointekek ere planta berri bat egitea Bilboko Portuan; eta Bizkaian 2.319 langabe gutxiago egotea".
EH Bildu
Josu Unanue EH Bilduren Bizkaiko ahaldun nagusirako hautagaiak salatu duenez, EAJren kudeaketa "interes sozialaren kaltetan" izan da eta, gaineratu duenaren arabera, Bizkaiko Diputazioak "zenbait enpresaren interesen mesedetan jardun du".
Unanue Bermeon izan da (bertan alkateorde kargua izan du legealdi honetan), eta azpimarratu du EH Bilduk Bermeon utzitako arrastoa Batzar Nagusietara eta Diputaziora ere heldu behar dela.
"Gardentasuna eta zintzotasuna dira gure jarduera politikoaren zutabeak. Aspaldi hala izan zen, eta orain ere bada", esan du. Horren ildotik, ezinbestekotzat jo du herritarren parte hartzea, ordezkari politikoek interes sozialaren alde egin dezaten.
"Herritarrok garaileak izan gaitezen, ez da nahikoa zenbaitek gure mesedetan jardungo dutela esatea. Erabaki politikoak, halabeharrez, herritarren ondoan hartu behar dira", erantsi du.
PP
Juan Carlos Cano Gipuzkoako ahaldun nagusi izateko hautagaiaren esanetan, bere alderdiak ez du onartuko "Gipuzkoak Bizkaiko jaia ordaintzen jarraitzea, minutu bat gehiago ere".
Donostiako Aquariumaren aurrean, Canok ziurtatu du Ekarpenen Legea aldatzea eskatuko dutela "bidegabea eta neurrigabea" delako "ez da gure lurraldearen tamainaren ez pisuaren araberakoa, eta bi urte daramatza luzapenekin Bizkaiko Foru Aldundiaren betoagatik". "Gipuzkoarrok dagokiguna ordaindu nahi dugu, eta ez Bizkaia finantzatu", gaineratu du.
Canoren hitzetan, ez dute onartuko "bidegabekeriarik lurraldeek kutxa komun horretara egiten duten ekarpena itzultzean". "Ikusi behar izan ditugu Tapia eta Oregi sailburuak, EAJkoak, esanez gure azpiegiturek itxaron zezaketela, eta bitartean, Bizkaian denok ordaindutako azpiegituren eta inbertsioen inaugurazioetan, irribarretsu zeuden".
PSE-EE
Idoia Mendia PSE-EEren idazkari nagusiak "lantaldeak, estatus berriak eta banderak alde batera uztea" eskatu dio EAJri, "arazo errealei aurre egin eta konpontzeko". Mendia Carlos Totorika Bizkaiko ahaldun nagusirako hautagaiarekin eta Luis Felipe Finker Sestaoko alkategaiarekin batera izan da Sestaon.
Gainera, bere alderdiaren aldeko botoa eskatu du "etxebizitza benetako eskubidea izan dadin eta ez aberatsen ondasun esklusiboa". Mendiaren iritzian, jeltzaleek "sozial-kristauarenak egin, baina mozorroa kendu dute".
Mendiak hitza hartu du Sestaon egindako ekitaldi batean, Carlos Totorika Bizkaiko ahaldun nagusi izateko hautagaiarekin eta Luis Felipe Finker bertoko alkategaiarekin batera.
Ahal Dugu
Bestalde, Ahal Dugu Valderejo Arabako parke naturalean izan da gaur, igandea, ingurumenaren defentsaren aldeko neurriak aurkezteko eta frackingaren (haustura hidraulikoa) aurkako "erabateko oposizioa" adierazteko.
Ahal Dugu alderdiko hautagaien arabera, fracking-ak "gai kutsakorrak isuri ditzake atmosferara, lurpeko urak pozoitu, seismoak eragin, eta pertsona animalia eta landareei kalte egin".
Irabazi
Irabazi Alternatiba Errepublikarra, Equo, Ezker Anitza-IU eta independenteak batzen dituen ekimen sozio-politikoak bere egin ditu Errepublika eta udalerrien izaera "ezaugarri" gisa.
Irabaziko kideek hauteskunde-ekitaldia egin dute gaur, igandea, Amaia Martin Donostiako alkategaiarekin eta Arantza Gonzalez Gipuzkoako ahaldun nagusi izateko hautagaiarekin batera. Bertan esan dutenez, Irabazi "Errepublikak ordezkatzen duen askatasunean, berdintasunean, elkartasunean eta laizismoan oinarritzen da", eta ziurtatu dute "kalean eta erakundeetan" defendatuko dituztela.
Besteak
Gorka Maneiro UPyDren legebiltzarkide eta bozeramaileak ziurtatu duenez, bere alderdiaren helburua "bai Donostian, bai Gipuzkoan agintzen duen mafia kentzea" da, "demokrazia birsortzeko neurri" gisa eta "duintasuna erakundeetara bueltatzeko".