Udal eta Foru Hauteskundeak -
Maiatzak 24
Barcinak aitortu du PSNk izango duela giltza hauteskundeen ostean
Nafarroako presidenteak gogo txarrez hartu du EH Bilduk agintzeko aukera: "Kezkatu egiten gaitu Espainiak 16 erkidego izatea, 17 eduki beharrean".
agentziak | erredakzioa
Yolanda Barcina Nafarroako Gobernuko presidenteak ez du baztertzen aurten bertan bi hauteskunde egin behar izatea foru erkidegoan maiatzaren 24ko hauteskundeetan izaten diren emaitzen arabera; izan ere, "giltza" PSN-PSOEk izango duela aitortu du.
"Ez dago gure esku. Une honetan, dena da posible Nafarroan", adierazi du presidenteak, Parlamentuan zortzi alderdik ordezkaritza lortzeak "aurreikuspenak zailtzen" dituela eta.
UPNren buru izanda ere hauteskundeetako zerrendetan sartu ez denak gogo txarrez hartu du EH Bilduk agintzeko aukera: "Kezkatu egiten gaitu Espainiak 16 erkidego izatea, 17 eduki beharrean", EAEren eta Nafarroaren balizko bat-egiteari aukerari erreferentzia eginez.
Horren harira, sozialistek UPNrekin berriro itunik ez egiteko konpromisoa ez betetzea espero du, eta galdetu du ea "zergatik lotsatzen diren Nafarroan adostu dituzten gauza on guztietaz".
Gainera, Barcinak kritikatu du PSNk Nafarroako Gobernuan aldaketa egin nahi duela, baina Andaluzian ez duela berdin jokatzen, 30 urtez agintzen ari baitira. Haren esanetan, "artista batzuk dira hitzak bilatzeko garaian", eta Nafarroako "erregimena" aldatu beharra dagoela esaten dute.
Horren harira, aldaketa "ETAren hilketak kondenatu ez dituztenek" agintzea ote den galdetu du, EH Bilduri erreferentzia eginez.