Nafarroa -
Nafarroako Parlamentua
Uxue Barkos Nafarroako presidentetzarako hautagai izendatu dute
Proposamena astelehenean eztabaidatu eta bozkatuko dute Nafarroako Parlamentuan. Babes nahikoa lortuta, asteazkenean inbestituko dute Barkos.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Uxue Barkos (Geroa Bai) Nafarroako presidentetzarako hautagai proposatu du formalki gaur goizean Ainhoa Aznarez Nafarroako Parlamentuko presidenteak.
Proposamena astelehenean eztabaidatu eta bozkatuko dute Nafarroako Parlamentuan. Babes nahikoa lortuta, asteazkenean inbestituko dute Barkos.
Parlamentuko Mahaiak, batetik, eta Bozeramaileen Batzordeak, bestetik, saioen ordutegiak adostu dituzte gaur goizean. Osoko bilkura astelehenean egingo dute, 9:30etatik aurrera, eta inbestidura saioa asteazkenean, 11:30etan.
Deialdiak Nafarroako eta Estatuko Buletin Ofizialetan argitaratu behar dituzte orain.
Asteleheneko saioa 9:30etan hasiko da, Uxue Barkosen hitzaldiarekin (ez du denbora mugarik izango). Datorren legealdiari begira, bere Gobernu programa defendatuko du Barkosek. Ondoren, taldeen txanda izango da (30 minutu talde bakoitzarentzat) eta Barkosek erantzuteko aukera izango du. Bozketa astelehenean bertan egingo dute. Uxue Barkos presidente izendatuko dute Geroa Bai, EH Bildu, Ahal Dugu eta Izquierda-Ezkerraren babesari esker. Guztira 26 dira Barkosen alde egingo duten ordezkariak, Parlamentuko gehiengo absolutua. Lau alderdi horiek hitzartu dute dagoeneko Gobernu berriko programa, eta gaur arratsaldean, 16:30, Exekutiboko kide berriak adosteko bilera egingo dute.
Oposizioaren erreakzioak
Carlos Garcia Adanero UPNren bozeramaileak gogor kritikatu du Nafarroako Gobernu berriaren osaketa. “Mendekuaren eta gorrotoaren Gobernua izango da, eta Nafarroako Erreinuaren aurka arituko dira”.
Bestalde, Maria Chivite PSNko idazkari nagusiak aurreratu du berak ez lukeela Geroa Bairen hautagaitzaren alde egingo, baina azken erabakia PSNren Batzordean hartuko dutela, datorren asteburuan.
PPNk Gobernu berriaren azpiegitura kritikatu du (bederatzi sail izango ditu Exekutiboak, orain baino bat gehiago). Popularrek “Administrazioa argaltzea” eskatu dute.