Nafarroa -
Negoziazioak
Nafarroakoa ez da koalizio-gobernua izango, eta 9 sail izango ditu
Exekutiboari babesa emango dioten alderdiek ez dituzte Gobernu berriko kontseilaritzak euren artean banatuko, baizik eta izenak proposatu eta adostuko dituzte.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Nafarroako Gobernu berria ez da koalizio-gobernua izango, Exekutiboari babesa emango dioten lau alderdiek ez baitituzte kontseilaritzak euren artean banatuko. Horrez gain, Uxue Barkosek hautatuko ditu Gobernuko kideak, alderdiengandik jasotako proposamenen artean. Geroa Bai, EH Bildu, Ahal Dugu eta Izquierda-Ezkerrako kideek bilera egingo dute gaur, sanferminen geldialdiaren ondoren, negoziazioekin aurrera egiteko asmoz.
Geroa Bai, EH Bildu, Ahal Dugu Nafarroa eta Izquierda-Ezkerra alderdiek asteazken goizean proposatuko dituzte Nafarroako Gobernu berria osatzeko, haien ustean, egokienak direnen kideen izenak, Uxue Barkos Geroa Baiko buruak eta hurrengo presidenteak proposatutako eredutik abiatuta.
Eredu horren arabera, izenak adostuko dira, alderdi politikoen kargudunak edo foru parlamentariak ez direla kontuan hartuta, eta Uxue Barkosek izango du azken hitza erabakitzeko orduan, Gobernuko presidente gisa.
Gogoratzea merezi du, alderdiek orokorrean onartutako proposamenaren arabera, Barkosen Gobernuak bederatzi sail eta bi presidenteordetza izango ditu; bat gai ekonomikoei zuzenduta eta, bestea, politika sozialetan jardungo dena.
Uxue Barkosen inbestidura saioa Nafarroako presidente moduan uztailaren 20rako aurreikusi dute eta kargu-hartzea 23rako. Geroa Baik, EH Bilduk, Ahal Dugu Nafarroak eta Izquierda-Ezkerrak oinarrizko akordio bat adostu zuten, sanferminak hasi baino lehen, Nafarroako hurrengo Gobernuaren inguruan.
Gainera, EH Bilduren, Ahal Dugu Nafarroaren eta Izquierda-Ezkerraren bozeramaleek onartu egin dute, Geroa Bairen proposamenari jarraituz, Gobernu berria ez dela koalizio-gobernua izango, baizik eta adostutako zenbait izenek osatutakoa, negoziazioa bukatzeke dagoenean.
Astearte honetako bilera bukatu denean, Uxue Barkosek azaldu duenez, "akordio zentzuduna lortu dugu, Geroa Baik hasieratik defendatu zuenaren ildotik eta uste dut, gutxi gora behera, ulertu dela eta, neurri batean, ados daudela -alderdiak-, kasu batzuetan".
Barkosen esanetan, "asmoa da akordio irmoa lortzea eta, era berean, adostasunetik abiatuta, akordioarekin bat egin duten alderdien nahiak asetzea".
EH Bildu: "Bihar egun garrantzitsua izango da"
Adolfo Araiz EH Bilduren bozeramaleak desadostasuna agertu du beste behin Barkosek azken hitza duelako, izenak alderdi guztiek proposatu eta gero, baina, nabarmendu duenez, "indar politiko guztiak prest gaude adostasuna lortzeko Gobernua osatzeko eta osatuko duten pertsonak erabakitzeko".
"Bihar egun garrantzitsua izango da besteek, bereziki, Geroa Baik, benetan borondate zintzoa duten argitzeko. Izenez hitz egiten dugunean ikusiko dugu borondatea benetakoa den, ala itxurakeria", gaineratu du.
Araizen esanetan, EH Bilduk asteazkenean proposatuko ditu izenak, "hainbat pertsona baitugu eskuartean, gaitasun handiarekin zenbati arlotan, eta erantzukizunari aurre egin diezaioketenak".
Ahal Dugu: "Tentsiorik gabeko Gobernua"
Laura Perez Ahal Dugu Nafarroako bozeramalearen arabera, "garrantzitsua da" Gobernuko bozeramale berriek "adostasunetik etorritakoak izatea, profil teknikodunak, baina politikoak ere bai". Gainera, gizonezkoen eta emakumezkoen arteko berdintasuna defendatu du eta, legea eskuan hartuta, gutxienez 60-40ko proportzioa izan behar duela aipatu du.
Perezen ustean, Gobernu berrian "ez da tentsiorik izan behar, lanik zailena eginda dagoelako, hau da, akordio programatikoa egitea". Gaineratu duenez, bere alderdiak izenak proposatu bai, baina gainerakoek proposatutakoak ere entzungo ditu, "onenen araberako irizpidean" oinarritzeko.
Azkenik, Jose Miguel Nuin Izquierda-Ezkerrako bozeramalearen arabera, negoziazioon helburua "ahalik eta Gobernu onena izatea da, eta horretarako Gobernuak lortutako akordioa aplikatu beharko du".