Kataluniako Hauteskundeak 2024 -
Kataluniako hauteskundeak
Galdeketa izan ezik, dena negoziatu daitekeela esan du CiUk
Bestalde, 2013. urterako 4.000 milioi euroko murrizketak iragarri ditu Kataluniako Gobernuak; hau da 2011 eta 2012 urtekoen batura.
Erredakzioa
CiUk Gobernu "sendo" bat eratzeko asmoa duela azaldu du Francesc Homs Kataluniako Gobernuaren bozeramaileak eta horretarako, datozen orduetan ERCrekin eta PSCrekin kontaktuak hasiko dituztela iragarri du. Halaber, bozen "agindu esplizitua" independentziaren inguruko galdeketa egitea izan dela azpimarratu du.
Azaroaren 25eko hauteskundeak izan eta gero gero jarduneko Gobernuak egin duen lehen bileraren ostean, "aukera historikoa dugu; inoiz ez ditugu mahai gainean kartak hain garbi eduki", adierazi du Homesek.
"Agindua handia eta ikaragarria" dela esan du, horregatik CiUk "lehentasunezkotzat" hartzen duela azaldu du eta alderdiak eta "erabakitzeko eskubideari" babesa ematen diotenek "arriskuak euren gain" hartu behar dituztela uste du.
2013ko murrizketak 4.000 milioikoak izango dira
Bestalde, datorren urterako murrizketak 4.000 milioi eurokoak izango direla iragarri du Kataluniako gobernuak, "gehiago zorpetzea ahalbidetzen ez bazaio".
"4.000 milioitik gorako murrizketak egin beharko ditugu", esan du Homsek, hau da, 2011 eta 2012 urteetan egindako murrizketen batura.
Rajoy, egonkortasunaren alde
Kataluniako hauteskundeen ostean, "eta hauengatik hilabeteak galdu eta gero" egonkortasuna eta segurtasuna ematearen alde azaldu da Mariano Rajoy Gobernuko presidentea. Helburu hori lortzeko lan egingo duela gaineratu du.