Kataluniako Hauteskundeak 2024 -

Kanpaina

Ustelkeria auzia baieztatuko balitz dimisioa emango lukeela dio Masek

Generalitateko jarduneko presidentearen ustez, Rajoy da Suitzan kontu korronteak izatea egozten dioten ustezko txostenen sustatzailea.

Artur Mas. EFE
'El Mundo'k argitaratutako albistea markatuko du azken kanpaina eguna

01:08

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Artur Mas Kataluniako Generalitateko jarduneko presidente eta CiUren hautagaiak dimisioa aurkeztuko du, ustelkeria auziren batean nahasita dagoela frogatzen bada, RAC1 irrati-katean egindako elkarrizketa batean iragarri duenez.

El Mundo egunkariak Suitzan, paradisu fiskala den herrialdean, kontu korronteak izatea egotzi dio Masi, baina horrek ukatu egin du: "Nire kontu korronte bakarrak Katalunian daude".

Generalitateko presidenteak bere aurkako estrategia abiatzea egotzi dio PPri, eta horren berri izatea Mariano Rajoy gobernuburuari. "Rajok badaki. Estrategia ez da Montororena, baizik eta Cospedalen, Montororen eta Rajoyren PPrena. Horiek denak nahasita daude herriaren borondatea aldatzen saiatzeko operazio honetan", gaineratu du.

Masen hitzetan, "Estatuaren estoldek" estrategia bat diseinatu dute, CiU igandeko hauteskundeetan indartzea galarazteko.

Halaber, Cristobal Montoro Ogasun ministroaren hitzak kritikatu ditu, Suitzan kontu korronteak dituztenek azalpenak eman beharko lituzketela esan baitzuen.

Nolanahi ere, Masek gogorarazi du ministroak ez zuela izenik aipatu. Izan ere, hala egin izan balu, "kereila" jarriko zioketen.

El Mundo egunkariaren salaketak Poliziaren ustezko txosten-zirriborro bat zuen oinarri, baina, "sei egunen ostean, Barne Ministerioak ez du zirriborro hori topatu". "Topatzen ez badu, [Barne Ministerioak] kereila jarri beharko lioke egunkariari, baina ez dira ausartzen".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea