Kataluniako Hauteskundeak 2024 -
A-21
JuntsxCat hasi da ERCrekin eta CUPekin hitz egiten, Parlamentuko Mahaia osatzeko
Turullek adierazi du ez dutela Forcadell ez den beste hautagairik, eta azpimarratu du Carles Puigdemont Generalitateko presidente hautatzeko aukera guztiak aintzat hartzen dituztela.
Agentziak | Erredakzioa
JuntsxCat alderdiko Jordi Turullek aurreratu duenez, hasi dira ERCrekin eta CUPekin hitz egiten Kataluniako Parlamentuko Mahaia osatzeko. Catalunya Ràdio irrati katean egindako elkarrizketan, Turullek esan du abenduaren 21eko hauteskundeen osteko "egun hauek" ahalik eta gehien aprobetxatzea dutela helburu.
JuntsxCat alderdiaren asmoa zen Kataluniako Gobernua eta Parlamentuko Mahaia lehengoratu, azpimarratu du Turullek, eta gaineratu du bere alderdiak ez duela mahaiaren presidentziarako hautagairik. Ildo horretan, baieztatu du ez dutela aintzat hartzen Carme Forcadell ez den beste hautagairik. Halaber, esan du inork ez duela bere alderdian Generalitateko presidente-orde izateko asmoa (Oriol Junqueres zen aurreko Generalitateko presidenteordea), eta gogoratu du "Kataluniako presidentearen hautagaitza" gisa aurkeztu zutela euren burua hauteskundeetan.
Puigdemont
Turullek adierazi du aukera guztiak aintzat hartzen dituztela Carles Puigdemont Generalitateko presidente izendatzeko, eta hori lortzeko konpromisoa "erabatekoa" dela.
JuntsxCat-eko ordezkariaren hitzetan, Puigdemonten asmoa da Kataluniara itzultzea, eta gaineratu du JuntsxCatek elkarrizketaren alde jarraituko duela. Herritarrekiko konpromisoa aurrera eraman beharra defendatu du eta, hala, ziur agertu da ERCrekin eta CUPekin akordioak lortuko dituztela.
Turullek argitu du ez duela Puigdemonten eta Espainiako Gobernuaren arteko inolako kontakturen berri, eta hori "tristea" dela esan du, kargugabetutako presidenteak elkarrizketarako borondatea agertu ostean.