Kataluniako Hauteskundeak 2024 -
PSC
Icetarentzat PSCren emaitza "arraskatatsua" da
Pedro Sanchezen aburuz, independentistek "plebiszitua galdu dute".
Agentziak | Erredakzioa
PSCko buru eta Kataluniako hauteskundeetan hautagai zen Miquel Icetaren esanetan, PSC alderdiak lortu duen emaitza "arrakastatsua izan da". 16 eserleku izango ditu, 2012an baino lau gutxiago, baina hirugarren indarra izaten jarraituko du Kataluniako Parlamentuan.
Icetak positibotzat jo du sozialisten emaitza "erabateko polarizazioa zegoen testuinguruan, zatiketa traumatiko bat pairatu ostean eta goraka ari diren indarren lehiaren aurrean".
Halaber, Junts pel Si zoriondu du erdietsitako garaipenarengatik, baina argi utzi du haren emaitza 2012an CiU eta ERC alderdiek eskuratu zutena baino "murritzagoa" dela. Gainera, hauteskunde hauek plebiszitu baten pare planteatzen zutenak ez dira botoen % 50era iritsi. Azkenik, "legea errespetatuz" goberna dezala eskatu dio zerrenda horri.
Pedro Sanchezen esanetan, independentistek "plebiszitua galdu dute"
PSOEko idazkari nagusi Pedro Sanchezen arabera, Katalunian independentziaren alde zeudenek "plebiszitua galdu dute", nahiz eta Junts pel Si zerrendak irabazi.
"Eserlekuetan irabazi dutenek, baina ez botoetan, plebiszitua galdu dute, badagoelako independentzia nahi ez duen gehiengo bat. Aitzitik, gehiengo horrek bizikidetzarako, elkarrizketarako eta erreformarako garai bat ireki nahi du herrialdean zehar", esan du Sanchezek Ferrazeko egoitzan egin duen agerraldian.