Kataluniako Hauteskundeak 2024 -
Irailaren 27ko hauteskundeak
Romeva 'Ez da izen-abizenen zerrenda, baietzaren aldeko botoa baizik'
"Baiezkoak irabazten badu, lanean jarriko gara. Ezezkoak irabazten badu, berriz, mezua ulertutzat emango dugu".
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Raül Romeva eurodiputatu eta ICVko militante ohiak azpimarratu du CDC, ERC eta alderdi soberanisten arteko zerrenda bateratuan garrantzitsuena ez direla hautagaien izenak izango. "Ez da izen-abizenen zerrenda bat, baietzaren aldeko boto-txartela baizik", erantsi du.
Catalunya Radion azaldu duenez, irailaren 27ko hauteskundeak “orain arte Kataluniak egin ez duen erreferenduma” izan behar dute. “Aurrean dugun aukera hau gutxitan izan dugu, eta ez dakit noiz errepikatuko den”, adierazi du.
Hautagaitzaren izena zein izango den galdetuta, garrantzirik ez daukala erantzun du Romevak: "Ez da presidentearen edo Masen zerrenda izango; bozkatzeko aukera emango diguna da”.
Balizko emaitzaren inguruan, hauek esan ditu: “Baiezkoak irabazten badu, lanean jarriko gara. Ezezkoak irabazten badu, berriz, mezua ulertutzat emango dugu”.
Zerrenda soberanistak irabazten badu, independentziarenganako trantsizioa azkar egitea espero du Romevak. “Zenbat eta azkarrago egin, lehenago bueltatuko gara normaltasunera”.