Kataluniako Hauteskundeak 2024 -
Katalunia
'Babesten duen legezko esparruaren baitan' egingo du Masek kontsulta
Artur Mas Generalitateko presidentetzarako hautagaiak duela bi urte “trantsizio nazionala asteko konpromisoa” iragarri zuen, eta, orain, “benetan indarrean dauden” elementuak daude hitzaldian.
Erredakzioa
Artur Mas Generalitateko presidentetzarako hautagaiak inbestidura saioa hasi du ostegun honetan, eta bihar amaituko da, Parlamentuan. Masek esan duenez, Kataluniak erabakitze eskubiderako "trantsizioa nazionala" hasi du, Espainian "inboluzio autonomikoa" dagoelako.
Artur Masek Generalitateko presidentetzarako inbestidura saioko hitzaldia honako hau esanez hasi du: Duela bi urte hautagai aurkeztu zenean "trantsizio nazionala hasteko konpromisoa" iragarri zuela, eta, orain, "benetan indarrean dauden" elementuak daudela hitzaldian nabarmendu du.
Artur Masen iritziz, "argi gelditu da Konstituzioak ez duela gehiagorako ematen". Egoera ez da hobetu, are gehiago, Auzitegi Konstituzionalak Estatutaren gainean emandako epaiak Espainiak estatu nazio anitz baterako bidea hartzea oztopatzen du.
'Legezko esparruaren baitan'
Artur Masek Parlamentua Kataluniako X legealdia deitzeko konpromisoa eman du, eta autodeterminazioko kontsulta bat egingo duela azaldu du hori "babesten duen legezko esparruaren barruan".
2014a zehazki aipatu gabe (urte hori jarri zuten CiUk eta ERCk kontsultarako data), alderdiekin eta agente ekonomikoekin eta sozialekin "adostasun handiak" bilatuko dituela nabarmendu du. 2014rako Estatuko egitura guztiak izan nahi dituela iragarri du Masek.
Elkarrizketari eta partaidetzari irekita
Generalitateko presidentetzarako hautagaiak CiUk eta ERCk sinatutako gobernagarritasun akordioak Parlamentuan ordezkaritza duten gainerako alderdiak baztertzen ez dituela nabarmendu du, autodeterminazioaren kontsulta babesten dutenak.
"Akordioa ez da mugatzailea, elkarrizketari eta partaidetzari irekita dago, baita Katlauniako gizartearen partaidetzari ere", adierazi du Masek, inbestidura eztabaidan, Parlamentuan; legealdiko helburuak azaldu ditu bertan.
Neurri "sentikorrak", aldi baterakoak eta itzulgarriak
Artur Masek iragarri duenez, 2013rako aurrekontuetarako doikuntza gastuaren kontrolean oinarrituko da, diru-sarrerak gehitzean baino, eta politika sozialei eragiten dieten neurriak "aldi baterakoak eta itzulgarriak" izango direla gaineratu du.
Masek goi-bilera ekonomikoa eta soziala deitu du
Halaber, Masek bere inbestidura saioko hitzaldian goi bilera ekonomikoa eta soziala deitu duela iragarri du, eta hori Kataluniako Gobernuak 2013rako Aurrekontuak aurkeztu baino lehen gauzatuko dela jakinarazi du.
Goi-bilera honetan helburua (PSCk eta ICV-EUiAk eskatu zuten hori egitea) Parlamentuko taldeekin "politika sozialen lehentasunak" zeintzuk diren adostea da, Ongizatearen estatua babesteko asmoa izanda.