Kataluniako Hauteskundeak 2024 -
CiU-ERC akordioa
Gobernagarritasun akordioa sinatu dute Masek eta Junquerasek
CiUko eta ERCko kideek Kataluniaren "askatasunerako akordiotzat" hartu dute, 2014an autodeterminazioaren inguruko kontsulta egitea hartzen baitu bere gain.
Erredakzioa
Artus Mas CiUko buruzagiak eta Oriol Junqueras ERCkoak Kataluniako gobernagarritasun eta egonkortasun akordioa sinatu dute Parlamentuan.
Batera sartu dira Ganberara eta CiUren eta ERCren diputatuen txalo zaparrada artean hartu dituzte.
Bi alderdietako kideentzat, "askatasunerako akordioa" da; izan ere, 2014an Kataluniako autodeterminazioaren kontsulta egitea adostu dute, baldintza politiko eta sozio-ekonomiko jakin batzuengatik ez egitea akordatu ezean.
Neurriak
2013an Kataluniako Zerga Administrazioa garatzea eta Kataluniaren erabakitzeko eskubidea nazioarteko bihurtzea adostu dute, baita trantsizio nazionala deritzotena egiteko sailen arteko plana sustatzea ere.
CiUk eta ERCk sinatutako egonkortasunerako planak dakartzan neurriak dira; 18 orrialdeko txostenean, gobernuaren lehentasunen eranskinean azaltzen dira.
Zerga eta Gizarte Segurantzaren Altxortegia eratzea ere hitzartu dute "edozein kasutan, etorkizunean pentsioak eta langabeziarako diru laguntzak bermatuta izateko". Justiziaren funtziorako eta horren estrukturen garapenerako trantsiziorako plana egitea ere adostu dute.
Beste erronken artean, Kataluniako Poliziaren legea, energiaren eta uraren distribuzio, garraio eta kudeaketa euren gain hartzeko plana idaztea, eta Estatuaren azpiegitura nagusien eskumenak hartzea daude, hala nola, aireportuak, portuak eta trenak.
Erabakitzeko eskubidea nazioarteko bihurtzea ez ezik, Kataluniaren inguruko kontsulta ziurtatzeko behar diren tresna elektoralak ere egingo dituzte, eta herri gobernuen eta herri finantziazioaren legea, Aran legea eta funtzio publikoaren legea ere bai.
Kultura
Identitateari, hizkuntzari eta kulturari aipamen egiten zaion atalean, Kataluniako kirol federazioen nazioarteko onarpenerako babesa azaltzen dute eta Unescon parte hartzeko ekimenari eta izaera kulturala duten beste erakundeei ere babes osoa azaltzen diete.
Ekonomia
Ekonomia suspertzeko neurriak ere hartu dituzte bi alderdiek. Ekintzaileei eta autonomoei laguntzeko legea egitea aurreikusi dute, baita Servei d'Ocupació de Catalunya (Soc) eta Kataluniako enplegu legearekin batera lan harremanen esparru propioa eratzea eta Kataluniako enpresen esportazioak sustatzea.
Zerga berriak
X. Legegintzaldirako gobernagarritasun akordioak bederatzi zerga berri aurreikusi ditu 2014 bitartean, eta aurrekontuetako doitze neurrien osagarri izango dira.
Bederatzi zerga horien artean, errenta altuenentzat ondoriotasun zerga berreskuratzea adostu dute, ondarearen eta merkataritzagune handien zerga erreformatuko dute, banketxeetako gordailuen zerga, isuri kutsagarriena eta hutsik dauden pisuena, besteak beste.