AEB-ko Hauteskundeak -
Kamera ezkutua
Botoa Obamaren alde ematen dutenak mespretxatu ditu Romneyk
Boto-emaileen % 47k babesa emango ez diotela kritikatzen harrapatu dute Romney, kamera ezkutu batez grabatutako bideo batean. “Jende horretaz kezkatzea ez da nire ardura”, adierazten du irudietan.
Erredakzioa
Mother Jones aldizkari liberalak Interneten publikatu duen bideoan, boto-emaileen % 47ren babesa lortuko ez duela adierazten du Romneyk: "Biktimak direla pentsatzen dute, Gobernuaren ardura beraiek babestea dela; Gobernuak osasuna, janaria, etxebizitza edo dena delakoa eman behar diela. Horretarako eskubidea dute, hori Gobernuak eman behar die, eta horregatik bozkatuko dute presidentearen alde".
Romneyren ustetan, hauteskundeetan babesa emango ez dion % 47a errentaren gaineko zerga ordaintzen ez duen hori da. Hautagaiaren iritziz, hori da berak bultzatzen duen zergen murrizketa plana boto-emaile talde horrengana ez heltzearen arrazoi nagusia. "Jende horretaz kezkatzea ez da nire ardura. Ez ditut inoiz konbentzituko euren bizitzaz ardura daitezen", gaineratzen du Romneyk bideoan.
Boto-emaile hispanoei ere erreferentzia egin zien Romneyk
"Boto-emaile hispanoei dagokienez, une zaila igarotzen ari gara. Hispanoen blokeak afroamerikarrek demokratekin hartu zuten konpromiso maila bera hartzen badu, arazo bat dugu, alderdi bezala eta, nire ustez, herrialde bezala", azpimarratzen du Romneyk bideoan.
Romneyren adierazpenek piztutako polemikaren ostean, bere ideiak "era dotore batean" azaldu ez zituela adierazi du Romneyk. Komunikatu baten bitartez, Romneyk "Obamaren ekonomiarekin gaizki bizi diren estatubatuarrak" lagundu nahi dituela adierazi du Gail Gitchok, Romneyren kanpainaren bozeramaileak. Gainera, bideoaren egiazkotasuna ez du ukatu Gitchok.
Romneyren bideoa ikusi ondoren, "herrialdearen erdia mespretxatzen duzunean" presidente hautatua izatea zaila dela uste du Jim Messinak, Obamaren aholkulariak.