AEB-ko Hauteskundeak -
Famatuak kanpainan
Hauteskundeak eta famatuak: nor noren alde?
Aktoreak, zuzendariak, musikariak, idazleak, diseinatzaileak, aurkezleak... Asko dira hauteskunde-kanpainan aktiboki parte hartu eta hautagaiak publikoki bermatzen dituzten famatuak.
N. GONZALEZ
Hauteskunde-kanpainan, hautagaien kanpainarako dirua biltzeari begira, famatuak pieza garrantzitsuak dira. Hollywoodeko sektore garrantzitsu bat Barack Obama demokrataren alde dago; Mitt Romneyren kanpainak, aldiz, AEBetako fortuna handietan ditu aliatu nagusiak.
Famatuen presentzia ez da diru-bilketara mugatzen; izan ere, estatubatuarren boto-asmoan eragina izan dezake. Hauteskunde-kanpainan parte hartzen duten famatu askok influentzia nabaria dute hiritarrengan. Adibidez, Clint Eastwood aktore eta zuzendariak errepublikanoen batzarrean egin duen agerraldiarekin protagonismo guztia kendu dio Romneyri berari.
Diru-emateak mugatuta daude. Hori dela eta, famatuek bi aukera dituzte: gehienez ere eman dezaketen dirua (40.000 dolar inguru) eman; edo Super-Pac plataformen bitartez diru-kopuru handiagoa eman.
Obamaren aldeko famatuak
Hollywooden, gehiengoa hautagai demokrataren aldekoa da.
Adibidez, Alec Baldwin aktoreak edota Judd Apatow zuzendari eta ekoizleak Twitter erabiltzen dute demokrataren alde egiteko. Sare sozialean iritziak, kritikak eta ideiak erabiltzaileekin partekatzen dituzte hauek. Baldwinek Romney "txotxongilo korporatibo" gisa definitu du, eta Obamaren lehiakideari botoa ematea "Etxe Zurian euren lagunek dirua irabaz dezaten gerrara joateko arrazoi faltsuak erabiltzen dituzten lapur gezurtiak" berriro indarrean egotea ekarriko lukeela adierazi du.
Famatuek hautagai baten aldeko babesa erakusteko, dirua biltzeko ekitaldi edota afariak maiz antolatzen dituzte. Horietan, gonbidatuek afariaren truke 10.000 eta 40.000 dolar inguru ordaintzen dituzte. Sarah Jessica Parker, Michael Jordan eta George Clooney, adibidez, izan dira horrelakoak antolatu dituzten famatuak. Clooneyk antolatutako azken afarian, Obamaren kanpainarako 15 milioi dolar bildu zituzten.
Badira beste bide batzuk aukeratzen dituzten ospetsuak, adibidez, Morgan Freemanek aukeratutakoa. Aktoreak milioi bat dolarreko diru-ematea egin du Priorities USA Action plataformaren bitartez. "Presidenteak Irakeko gerrarekin amaitu du, Wall Streeten erreformak egin ditu, auto-industria salbatu du eta estatubatuarren osasunaz kezkatu da", adierazi du Freemanek.
Obamaren aldeko beste famatu batzuk: Robert De Niro, Robert Downey Jr., LeBron James, Carmelo Anthony, Antonio Banderas, Salma Hayek, Marc Anthony, Lady Gaga, Oprah Winfrey, Jimmy Fallon, Tom Hanks...
Mitt Romneyren alde dauden famatuak
Hollywooden, gutxiengo batek erakusten du Mitt Romneyren aldeko babesa, baina horrek ez du esan nahi gutxiengo horren influentzia hutsala izatea; izan ere, Romneyk AEBetako fortuna handien artean zale garrantzitsuak ditu.
Clint Eastwoodek Romneyren alde egingo zuela adierazi zuen Errepublikanoen Batzarrean parte hartu aurretik kanpaina errepublikanoaren alde dirua biltzeko ekitaldi batean. Eastwoodek herrialdeak "bultzada bat" behar duela adierazi du, eta Romneyri "beharrezkoa dugun sistema larderiatsua" berritzeko eskatu dio.
Chuck Norris aktoreak Romneyk Obama garaitzeko behar diren "antolaketa eta abilidadeak" dituela esan du, eta Obama herrialdean egiten ari den eraldaketa geldiarazi behar dela gaineratu du. "Guztiok dakigu erabaki sozialistak lau urte gehiago jasateak zenbaterainoko eragina izango lukeen herrialdean", adierazi du Norrisek.
Robert Duvall aktoreak irailean dirua biltzeko ekitaldi bat antolatu du. Ekitaldiaren sarreraren prezioa 2.500 dolarrekoa da, VIP sarrera 10.000 dolarrekoa, eta bertan afaldu nahi duten gonbidatuek 25.000 dolar ordaindu beharko dituzte.
Romneyren alde dauden beste famatu batzuk: Cindy Crawdford, Jon Voight, Jerry Bruckheimer, Kid Rock, Gene Simmons, Donald Trump, Juliette Lewis, Kelly Clarkson…