AEB-ko Hauteskundeak -
Errepublikanoen Bilera
AEBetako zorra salatuta hasi dute biltzarra errepublikanoek
Chris Christie, New Jerseyko gobernadorea, eta Ann Romney, hautagaiaren emaztea, izango dira lehen hizlariak. Herrialdearen egoera ekonomikoa izan da kritika guztien erdigune.
Erredakzioa
Asteartean, Errepublikanoen Batzorde Nazionalaren presidenteak, Reince Priebusek, abiatu zuen Errepublikanoen 40. Batzordea. "Isaac" ekaitz tropikalak sortutako arazoek agenda bertan uztea ekarri zuten, eta hitzaldiak gaur eta osteguna bitartean egingo dituzte. Ostegunean, Etxe Zurirako hautagai ofizial izatea onartuko du Romneyk.
Egindako aurkezpen laburra Obama kritikatzeko baliatu zuen Priebusek, Administrazioan "inoiz ikusi ez den moduko arduragabekeria fiskala" dagoela esanez, eta zorra nola handitzen ari den erakusten duten bi neurgailu aurkeztu zizkien bertan bildutakoei. Obamaren Administrazioari egindako kritikak ekonomia arloan oinarritu ziren, eta kritika horiei John Sununu, New Hampshireko gobernadore ohia, eta Francisco "Quico" Canseco Texaseko legegile errepublikanoen kritikak batu zitzaizkien. AEBen gainbehera ekonomikoaren arrazoia "gure ekonomia itotzen ari den gobernu bat" egotea dela esan zuen Cansecok. Errepublikanoen ustetan, ekonomia suspertzeko promesak ez betetzeaz aparte, Obamak gastuan oinarritutako politikek larriagotu egin dute arazoa.
Romneyren ustez, enplegua sortzea, defizita eta zorra murriztea, eta enpresa espiritua sustatzea dira azaroan garaipena lortzeko indartu behar dituen zutabeak. Gainera, AEB aukeren herrialdea izan behar dela berriro esan du.
Chris Christie, New Jerseyko gobernadorea, eta Ann Romney, hautagai errepublikanoaren emaztea, izango dira Errepublikanoen Biltzarra irekitzeko arduradunak. Mittek Tamparako bidaia aurreratu du emaztearekin batera egoteko. "Nire diskurtsoa eta Annena benetan gustatzen zait. Gure semeak jada Tampan daude, eta giro paregabea dagoela diote", esan du Barack Obamaren lehiakidea izango denak.
Gaur aurkeztuko dute euren hauteskunde-plataforma errepublikanoek. Romneyk bi erronka izango ditu bileran: batetik, zalantzak dituzten alderdikideak liluratu beharko ditu (Alderdi Errepublikanoa banatuta dago abortuaren eta erlijioak bizitzan izan behar duen paperaren inguruan), eta, bestetik, botoa nori eman oraindik erabaki ez dutenak konbentzitu beharko ditu (Gallupek egindako inkesta baten arabera, inkestatuen % 58k uste dute Obama hautatuko dutela berriro).
Zuria, gorria eta urdin koloreak dira nagusi ikus-entzule gehieneko ordutegian boto-emaileak erakartzeko prestatu duten agertokian, eta errepublikanoek batasuna, ideia berriak eta itxaropena zabaldu nahi dituzte bertan.