Orokorrak -

Hauteskunde Orokorrak

18:00etan, euskal hautesleen %57,08k eman du boza

Barne Ministerioko behin-behineko datuen arabera, Nafarroan % 55,4k eman du boza eta Espainian, aldiz, % 56,10ek.

Iruñeko hautestontzi batean boza sartzen. Argazkia: EFE
Iruñeko hautestontzi batean boza sartzen. Argazkia: EFE
Normaltasun osoa hauteskunde egunean

06:54

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Espainia osoko parte-hartzea arratsaldeko seietan % 56,10ekoa da, Barne Ministerioak jakitera eman duenez. 18:00etan argitaratu ditu behin-behineko lehen datuak eta orain lau urteko hauteskundeetako datuekin alderatuta, parte-hartzea ia hiru puntu txikiagokoa da.

Arratsaldeko 18:00etan parte-hartzea igo den erkidego bakarra EAE izan da, % 57,08ko parte-hartzearekin (2008an % 37,30ekoa izan zen).

Probintziaka, Araban, partaidetza % 53,49koa, orain lau urteko datuekin alderatuta, ia bi puntu gutxiago, orduan % 38,52koa izan zen eta.

Bizkaian % 57,60koa da (2008an % 38,49koa izan zen)

Gipuzkoan igo da parte-hartzea gehien arratsaldeko 18:00etan, izan ere, % 54,62koa da; orain lau urte, ordea, % 34,79koa izan zen.

Bestalde, Nafarroan parte-hartzea % 55,40koa da, orain lau urte baino hiru puntu txikiagoa.

Normaltasun osoa hauteskunde egunean

EAEko 1.775.537 hautesleek goizeko 09:00etatik aurrera eman dezakete 18 diputatuak eta 12 senatariak hautatzeko boza. Denera, 750 hautesleku ireki dira.

Lurraldeka, Araban 250.742 lagunek dute bozkatzeko aukera; 246.383 Espainian bizi dira eta 4.359, berriz, atzerrian.

Gipuzkoan 575.332 hauteslek eman dezakete boza, horietatik 20.427 atzerrian bizi dira.

Hautesle bizkaitarrei dagokionez, 920.993 hautesle zenbatu dira Espainian eta 28.470 atzerrian, beraz, denera 949.463 hautesle bizkaitar daude deituta.

Gorteetarako hauteskundeak

350 ordezkarik osatzen dute Diputatuen Kongresua. Horietatik 18 EAEn aukeratzen dira eta 5 Nafarroan.

Senaturako, berriz, lau ordezkari hautatuko dira zirkunskripzio, probintzia edo lurralde bakoitzetik.

Postaz bozkatzeko eskaria, 52.000 herritarrek egin du EAEn eta Nafarroan.

Euskal Autonomia Erkidegoan 5.500 boto-kutxa jarri dituzte. 758 hautesleku ireki dira goizeko 9etan, eta herriaren boto-eskubidea bermatzeko 8.000 herritar baino gehiago dago izendatuta mahaiburu eta laguntzaile izateko.

1.200 hautagai zerrenda aurkeztu dira hauteskunde orokor hauetan, 2008arekin alderatuta, erdia, zerrendak aurkezteko sinadurak exijitzen baitira orain.

Hauteslekuak goizeko 09:00etan ireki dira eta arratsaldeko 20:00ak arte egongo dira zabalik. Une horretatik aurrera bozak kontatzen hasiko dira. Lehenengo, Kongresurako bozak zenbatzen dira, eta ondoren, Senaturakoak.

Une horretatik aurrera, eitb.com-ek datu guztiak zuzenean eskainiko ditu.

Aurrekontu txikiagoa

Hauteskunde orokorrek 124 milioi euroko aurrekontua dute, 2008ko hauteskundeek baino % 5,8 gutxiago, Pilar Gallego Barne Ministerioko idazkariordeak iragarritakoaren arabera. Gallego Felix Monteira Estatuko Komunikazioko idazkariarekin batera agertu da prentsaurrekoan hauteskundeen inguruko xehetasunen berri emateko.

Gastuen murrizketa horretan zerikusi handia izan du 600 milioi boto-paper gutxiago inprimatu direla. Horrekin hiru milioi euro aurreztu dira. Senaturako boto-paper ere txikiagoak dira oraingoan, Gallegok azaldu duenez.

Talde propioa

Espainiako Diputatuen Kongresuan legebiltzar taldea osatzeko hiru modu daude. Batetik, 15 eserleku lortzea. Bestetik, gutxienez bost eserleku lortzea eta herrialde osoan bozen % 5. Azkenik, hautagaitza aurkeztu duten lurralde bakoitzean gutxienez botoen %15 lortzea.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea