Orokorrak -

Eztabaida telebistan

Krisiak eta langabeziak aurrez aurre jarri dituzte Rajoy eta Rubalcaba

Eztabaidaren bukaeran soilik aipatu dute ETAk hartutako erabakia eta biak elkarlanerako prest agertu dira, behin betiko bakea lortzeko. Anekdota: Rajoyk bi aldiz nahastu du Rubalcaba Zapaterorekin.

Alfredo Perez Rubalcaba eta Mariano Rajoy, eztabaida hasi aurretik. EFE
Alfredo Perez Rubalcaba eta Mariano Rajoy, eztabaida hasi aurretik. EFE
Tentsio uneak bizi dira Rajoy eta Rubalcabaren arteko eztabaidan

01:33

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Espero bezala egoera ekonomikoa eta krisiari aurre egiteko proposamenak izan dira eztabaidagai nagusiak, Rajoyk eta Rubalcabak telebistan izan duten aurrez aurrekoan.

Mariano Rajoy PPren presidentegaiak esan du sektore publikoak murrizketak egingo dituela enpresei eta familiei laguntzeko asmoz, eta Alfredo Perez Rubalcaba PSOEren hautagai nagusiak, berriz, aurrekontuen doitzea atzeratzea proposatu du, jarduera ekonomikoa bultzatzeko.

Rajoyk argi utzi nahi izan du ez duela inolako asmorik langabeek jasotzen dituzten laguntzak murrizteko, baina eredua aldatzeko beharrizana azpimarratu du, Austrian egiten duten antzera Espainian ere kaleratzeetarako funts bakar bat sortzeko. Gai honek tentsio uneak piztu ditu bi hautagaien artean, izan ere, Rubalcabak esan du erabat ziur dagoela Alderdi Popularrak Gobernua eskuratzen badu langabeziagatik kobratzen den segurua indargabetuko duela. Rajoyk erantzun dio bere ahotan "asmo ezkuturik" ez jartzeko. Era berean, PSOEren Gobernuak abian jarritako politiken ondorioz egoera ekonomikoak okerrera egin badu, erantzukizunaren zati bat Rubalcaba berarena ere badela nabarmendu du Rajoyk. Rubalcabak, berriz, behin baino gehiagotan esan dio Rajoyri ez dituela bere proposamenak zehazten eta bere benetako asmoak azaldu nahi ez izatea egotzi dio. Ika-mikak albo batean utzita, Espainiak defizit publikoa BPGren % 3ra jaisteko Europak jarritako epea 2013tik 2015era luzatzea eskatuko duela iragarri du Rubalcabak. Horrez gain, Europako Inbertsio Bankuari 70.000 milioi euroko laguntza-plana abian jartzeko galdegingo dio, enpresa txiki eta ertainak suspertzeko. Ildo beretik, eta gastu publikoa murrizteko asmoz, Espainiako Armadan berregituraketa bat egiteko proposamena egin du. Rajoyk doitze fiskalaren prozesuarekin aurrera jarraituko duela adierazi du, administrazio publiko guztietan zorpetzeko mugak ezartzeko asmoa berretsi du eta aurrekontuen babesik gabe gastuak dituzten gestore publikoei erantzukizunak eskatu ahal izateko neurriak hartzea proposatu du. Ekonomia suspertzeko bidean, PPk laguntzak emango dizkie langileak kontratatzen dituzten enpresa txiki eta ertainei eta tratu fiskal hobeak emango dizkie bere hobariak inbertsiorako erabiltzen dituzten enpresei. Era berean, enpresei laguntza eskainiko die administrazio publikoak eragindako zorrak kobratzeko.

Rubalcabak ere onurak aurreikusten ditu enplegua sortu eta formazio kontratuak egiten dituzten enpresa txiki eta ertainentzako, eta horretarako errenta altuenei zerga handiagoak jartzearen alde egin du eta bankuei ere zerga bat ezartzea proposatu du. Rajoyk uste du banketxeei zerga bat ezarri nahi izatea kontraesan dela, diru publikoa ezarri duten "bakarrak" bankuak izan direla kontuan hartuta. Rajoyk gogor kritikatu du Rubalcabak aberatsei zergak igotzeko agertu duen asmoa, izan ere, "haurrak izateagatiko laguntzak edota 400 euroko diru-laguntza kendu eta BEZa igo eta pentsioak izoztu ditu PSOEren Gobernuak". Krisia gainditzeko aukerak badaudela esan du PPko buruzagiak eta egoera ekonomiko oker honen oinarrian PSOEk "ahalbidetu zuen higiezinen burbuila dago". Rubalcabak autokritika ere egin du eta onartu du Gobernuak denbora gehiegi hartu zuen burbuila hori eteteko, eta horrek egun bankuek, enpresek nahiz familiek bizi duten desoreka ekarri zuela esan du. Hala eta guztiz ere, aurreko legegintzaldietan PPren Gobernu ezberdinek burbuila horren hazia jarri zutela adierazi du Rubalcabak, espekulazioa eta eraikitzeko "zoramena" piztu zuen lur-zoru legea bultzatu zutelako.  Horrenbestez, Rajoyk higiezinen merkatua berriro sustatu nahi izatea deitoratu du.

Rubalcaba eta Rajoy ETAren behin betiko amaieran laguntzeko prest azaldu dira

Bestalde, Alfredo Perez Rubalcabak eta Mariano Rajoyk ETAren behin betiko amaiera lortzen lagunduko dutela esan dute.

Eztabaida politikoan egindako euren azken aipamenetan, ETAk jarduera armatua behin betiko utzi duela iragarri zuen komunikatuari buruzko mintzaldi motz bat egin dute Rajoyk eta Rubalcabak, eta hemendik aurrera egiteko geratzen denari buruz ere hitz egin dute.

Hautagai sozialistak Rajoyri azaroak 20ko hauteskunde orokorretan pasatzen dena kontuan hartu gabe, bere laguntza eskaini dio, eta berarekin batera ospatzera gonbidatu du. PPko buruak , aldiz, "guztion batasunari" eta ahaleginari dei egin dio ETArekin "behin betiko" amaitzeko.

Rajoyk Rubalcaba Zapaterorekin nahastu du

Mariano Rajoy PPko buruak Gobernuko Presidentetzarako hautagaia den Alfredo Perez Rubalcabari "Rodriguez Zapatero" jauna deitu dio telebistan izandako hauteskunde-eztabaidaren lehen bloke tematikoan.

Rubalcabak ekonomiari buruz hitz eginez eman dio hasiera eztabaidari, eta Rajoyk hari emandako lehenengo erantzunean "Rodriguez Zapatero jauna" esan dio; horrek irribarrea eraginda hautagai sozialistari.

Rajoyk adierazi duenez, Rubalcabak Gobernuko egungo presidenteari "gogoratzen" dio. Azken horrekin duela lau urte izan zuen hauteskunde-eztabaida.

"Orain dela lau urte izan nintzen harekin, eta zeuk hura gogora ekartzen didazu lau urteotan politika bera egin duzuelako. Zu Rodriguez Zapatero jauna zara", nabarmendu du Rajoyk.

Ekonomiari buruzko lehenengo blokea ixtear zegoenean nahastu du berriro ere Rubalcaba Rajoyk. "Rodriguez jau…" hasi da esaten, zuzendu eta "Perez Rubalcaba" esan baino lehen.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea