Orokorrak -
CISen barometroa
PSEk irabaziko du Euskadin; Amaiur eta EAJ, berdinduta
Espainiako emaitzak kontuan hartuta, PPk gehiengo osoa lortuko du, eta 70 eserlekuko aldea aterako dio PSOEri.
Erredakzioa
Espainiako Ikerketa Soziologikoen Zentroak (CIS) aurrez ikusi du PPk aise lortuko duela gehiengo osoa hilaren 20ko hauteskunde orokorretan.
Euskadin, PSE izango da berriz indar bozkatuena, baina boto gutxiagorekin. EAJk talde parlamentarioa galduko du eta Amaiurrek beste eserleku izango ditu, hots, hiru.
CISen azken barometroaren arabera, Espainian PPk 190 eta 195 diputatu artean lortuko ditu, eta PSOEk bere historiako emaitzarik txarrenak izango ditu, hots, 116 eta 121 eserleku artean.
Inkesta urria egin dute, eta bi alderdi nagusien arteko aldea 16,69 puntukoa eta 70 diputatukoa baino handiagoa izango dela aurrez ikusten du.
Halaber, IU-ICVk hazkunde nabarmena izango du, eta 8 diputatu eskuratuko ditu (+ 6). CiU hirugarren indar politikoa izango da, 13 diputaturekin (+ 3), eta Amaiurrek 3 eserleku izango ditu, EAJk (-3), UPyDk (+2) eta ERCk (=) bezala.
Halaber, Coalicion Canariak bi izango ditu (=), eta Compromis-Equok eta Foro Asturiasek (Francisco Alvarez Cascosen alderdia) bana.
Boto-emaileen % 31,5ek oraindik ez dakite zer bozkatu.
Bestalde, Uxue Barkosek galdu egingo du eserlekua. 2008an Nafarroa Bairekin aurkeztu zen, eta aurten Geroa Bairekin.
Emaitzak Euskadin
Euskal Autonomia Erkidegoari dagokionez, inkestako datuen arabera PSE berriro gailenduko da, PPren aurretik.
Oraingo honetan, barometroak zazpi eserleku ematen dizkie sozialistei (-2), bot PPri (+2), hiru EAJri (-3) eta beste hiru Amaiurri.
Lurraldeka, Arabako lau eserlekuak horrela banatuko lirateke: bi sozialistentzat eta beste biak popularrentzat; Gipuzkoako sei eserlekuetatik bi PSEk irabaziko lituzke, beste bi Amaiurrek, eta PPk eta EAJk, bana.
Bizkaitik zortzi diputatu aterako dira. Horietariko hiru PSErentzat izango dira, bi EAJ eta PPrentzat eta bat Amaiurrentzat, CISen arabera.
Rubalcaba, Rajoy baino hobeto balorazioetan
Azken barometro honetan,Mariano Rajoyk CISen inoiz izandako baloraziorik onena lortu du: 4,43 puntu. Hala ere, hauteskundeetako arerionagusiak, Alfredo Perez Rubalcabak, gutxigatik gainditu du, 4,54 puntu lortuta.
Dena den, bost puntura gehien hurbildu den politiko bakarra UPyDko Rosa Diez izan da. Diezek 4,95eko nota lortu du. Jose Luis Rodriguez Zapaterok, aldiz, puntuaziorik txarrena lortu du, 3,05 puntu, presidente denetik lortutako baxuena.
Rosa Diezen atzetik Uxue Barkos Geroa Baiko hautagaia eta NaBaiko diputatu ohia dago, 4,6 punturekin. Hirugarren postuan Rubalcaba dago, 4,62tik 4,54ra jaitsita.
Laugarren postuan Rajoy dago (4,43 puntu, uztailean 3,58 aterata); zazpigarrenean Yolanda Barcina UPNko presidentea agertzen da (3,91) , eta bederatzigarren EAJko Iñigo Urkullu (3,19 puntu).