Hauteskunde Orokorrak -

Kanpaina - 5. eguna

Navarra Sumak ohartarazi du PSOEk 'Gobernu ahula' osatu nahi duela

"Navarra Sumari botoa ematea Casadori eta Abascali botoa ematea" dela esan du PSNk, Elkarrekin Podemosek ezkertiarren botoa eskatu du, eta EH Bilduk klimaren aldeko "benetako ekintzak" defendatu ditu.

Sergio Sayas Navarra Sumaren hautagaia. Argazkia: Efe
Sergio Sayas Navarra Sumaren hautagaia. Argazkia: Efe
Sergio Sayas Navarra Sumaren hautagaia. Argazkia: Efe

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Estatu mailako buruzagi politikoen arteko telebistako eztabaidaren "ajea" izan da Nafarroako hauteskunde orokorretako kanpainaren bosgarren eguna markatu duena, baina klima aldaketaz eta etxebizitza politikaz ere hitz egin dute.

Navarra Suma

Hala, Sergio Sayas Kongresurako Navarra Suma koalizioaren hautagaiak adierazi du Pedro Sanchez sozialista "iheslari eta koherentziarik gabe” ikusi zuela atzoko eztabaidan.

"Koherentziarik gabe" egon zela berretsi du Sayasek, gobernua alderdi bozkatuenarentzat izatea eskatu arren, “bere alderdiak Nafarroan kontrakoa” egin duelako.

Gainera, jarduneko presidentea "ihesean" ibili zela kritikatu du, hauteskundeen osteko itunei buruzko "argitasun izpirik" ez zuelako erakutsi; eta, Nafarroan bezala, PSOEk ere "nazionalisten babesarekin Gobernu ahula" eratu nahi duela salatu du. Azkenik, Sanchez "Espainiarentzat proiekturik ez duen" hautagaia dela gaineratu du.

PSN

Eztabaidarekin jarraituz, Conchi Ruiz PSNko Kongresurako bigarren hautagaiak esan du "Navarra Sumari botoa ematea Casadori eta Abascali botoa ematea" dela. Ruizen esanetan, "argi geratu zen hurrengo hauteskundeetan bi herri ereduren artean bozkatuko dugula".

"Lehenengoa, Pedro Sanchezena, bizikidetza eta lurralde- eta gizarte-kohesioa sustatzen dituena, eta bigarrena, Casado, Rivera eta Abascalen eskuinarena, gure herria apurtzen duena, eskumen autonomikoak ezabatzen dituena, eskubide sozialak ezabatzen dituena eta gatazka iraunkorra bilatzen duena", berretsi du hautagaiak.

Unidas Podemos

Unidas Podemosek Iruñean egin du eguneko ekitaldi nagusia, eta Irene Montero bozeramaileak esan du "bizitza osoan" sozialistei botoa eman dietenek ere badakitela, eztabaidaren ostean, aukera ezkertiarra alderdi morearena dela.

Unibertsitateko ikasleekin egindako kanpaina-ekitaldi batean, Monterok azpimarratu du eztabaidan "argi eta garbi" ikusi zela Pedro Sanchez PSOEko idazkari nagusiak eskuinarekin aliantza bilatzeko erabakia hartu duela, eta hala eskatu ziola "esplizituki" Pablo Casado PPko buruari.

EH Bildu

Bestalde, Bel Pozueta Kongresurako EH Bilduren hautagaiak, alderdiaren egoitzan egindako ekitaldi politikoan, klima aldaketari aurre egiteko "benetako neurriak" hartzea defendatu du.

Une honetan, "beharrezkoa da Madrilen benetako ekintzak defendatuko dituen indar bat egotea larrialdi klimatikoari aurre egiteko. Eta indar hori EH Bildu da, ez baitugu beldurrik gure planeta kutsatzen duten multinazional handiak zigortzeko ", Pozuetaren arabera.

Geroa Bai

Geroa Baik azken legegintzaldian Nafarroan gauzatutako etxebizitza politika defendatu du, eta Kongresuan ordezkaritza lortzeko beharra azpimarratu du, bertan Estatuko legedian aldaketak bultzatzeko, Foru Erkidegoak arlo hori kudeatzeko aukera handiagoak izan ditzan.

Maria Solana zerrendaburuak prentsaurrekoan azaldu duenez, "Madrilen, aukera baldin badugu, politika bera egiten jarraituko dugu, printzipio berberekin, norabide berean eta Nafarroan egiten ditugun eskakizun eta aldarrikapen berberekin ".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Diputatuen Kongresua PSN Geroa Bai Nafarroa EAEko hauteskundeak Hauteskunde orokorrak Espainiako Gobernua Espainia Alderdi politikoak EH Bildu Podemos Ahal Dugu Nafarroa Hauteskundeak Hauteskunde Orokorrak Emaitzak Navarra Suma Hauteskunde inkestak Senatua