Hauteskunde Orokorrak -
Kanpaina - 4. eguna
Klima-aldaketari aurre egiteko konpromisoa azpimarratu du PSNk
Navarra Sumak independentismoari kontra egiteko unea dela nabarmendu du. EH Bilduk emakume feministen ahotsa Madrilera eramango duela ziurtatu du. Podemosek apustu-etxeen arriskuaz ohartarazi du.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Independentismoa, aldaketa klimatikoa, apustu-etxeak, feminismoa eta autogobernua bezalako gaiak izan dituzte hizpide Nafarroako hautagaiek hauteskunde kanpainako ekitaldietan, astelehen hoentan.
Amelia Salanueva eta Alberto Catalan Navarra Sumaren Senaturako hautagaiek Iruñeko Gaztelu plazan egin dute ekitaldia, eta independentismoari aurre egiteko garaia azpimarratu dute.
“Egoera honi buelta ematea eta gauzak aldatzea posible da, baina horretarako boto erabakigarria Navarra Sumarena izango da, egonkortasuna, hezkuntza askatasuna eta legea betetzen dela bermatuko dugu”.
PSNk Iruñeko Sarasate Pasealekuan egin du ekitaldi politikoa. Toni Magdaleno Senaturako hautagaiak hartu du hitza, ondoan hainbat ordezkari sozialista zituela.
Alderdi Sozialistarentzat emergentzia klimatikoa “oso garrantzitsua” dela azpimarratu ostean, Magdalenok esan du Navarra Sumari botoa emanda, “ingurumena arriskuan” egongo dela eta “energia berriztagarrien sektore estrategikoari kalte” egingo zaiola.
Halaber, PSOEk energia eta klimaren alorrean landutako estrategia “Europar Batasunak oso positiboki” baloratu duela ekarri du gogora.
Guillen Carroza Kongresurako Unidas Podemosen bigarren hautagaia jokoaren arazoaz aritu da. San Jorge etorbideko apustu-etxe baten ondoan egin dute ekitaldia.
“2011n, Jose Luis Rodriguez Zapateroren agintaldian, sektore horren erregularizatzea bertan behera geratu zen eta horrek apustu-etxeen eta Internet bidezko apustuen goraka izugarria ekarri du. Guk, bi urteko epean, apustu-etxeen %90 ixteko konpromisoa hartzen dugu”, adierazi du.
EH Bilduk Iruñean daukan egoitzan egin du ekitaldia. Koalizio soberanistako emakumeek agerraldia egin dute eta Bel Pozueta Kongresurako zerrendaburua hartu du hitza.
“Nafarroako emakume feministok ahots indartsua behar dugu Madrilen, bizitza duinak izatea bermatuko duten politika feministak proposatzeko”, azpimarratu du.
Arratsaldean, Bel Pozuetak eta Arnaldo Otegik beste ekitaldi batean hartuko dute parte, Etxarri-Aranatzen.
Geroa Baik autogobernua Nafarroaren garapen ekonomikorako ezinbestekoa dela nabarmendu du.
Maria Solana Kongresurako zerrendaburuaren esanetan, “autogobernua ezinbesteko tresna da garapen ekonomikorako eta enplegua sortzeko politikak ezartzeko eta hobetzeko”.
Bestalde, Por Un Mundo + Justo alderdiko hautagai den Ignacio Aranzadik bizikidetzarako eta elkarrizketarako eremuak sortzea proposatu du, sektore eta ideologia ezberdinen arteko lotune gisa.
Bitartekaritza eremu horiek gizartearentzat garrantzitsuak diren gai guztietan aplikatzea babestu du, besteak beste, enpleguari, etxebizitzari, migrazioari eta pentsio buruz eztabaidatzeko, nahiz autodeterminazio eskubidea oinarri duten gaztaka politikoei heltzeko.