Hauteskunde Orokorrak -
'Proces' auziko epaiketa
Diputatu eta senatari hautatutako bost presoren egoera aztertzen ari da Gorena
Karguak bertan behera uztea aztertzen ari da. Jordi Sanchez, Jordi Turull eta Josep Rull (Junts per Catalunya) eta Oriol Junqueras (ERC) diputatu aukeratu dituzte, eta Raul Romeva (ERC), senatari.
Agentziak | Erredakzioa
Kataluniako prozesu independentistako epaiketan behin behineko espetxealdian dauden bost politikariren egoera aztertzen ari da Auzitegi Gorena, Espainiako Gorteetako hautetsiak direlako azken hauteskunde orokorren ostean. Kargua hartzeko baimena ematea eta, ondoren, bertan behera uztea aztertzen ari da epaitegia.
Epaitzen ari diren bost buruzagi independentista aukeratu dituzte azken hauteskundeetan: Jordi Sanchez, Jordi Turull eta Josep Rull (Junts per Catalunya) eta Oriol Junqueras (ERC), Diputatuen Kongresurako, eta Raul Romeva (ERC), Senaturako.
Behin hauteskundeen emaitzak ofizial eginda, epaitegiak bosten egoera judizialaren berri eman behar die Parlamentuko bi ganbarei. Horrek karguak bertan behera uztea ekar lezake, espetxean dauden auzipetuei aplikatzen zaie Prozedura Kriminalaren Legearen arabera.
Erabakia, hala ere, aztertzen ari dira oraindik. Ez dago aurrekaririk.
Diputatu eta senatari karguak bertan behera uzteko agindua horiek hartu eta gero hartuko omen da. Maiatzaren 21ean osatuko dira Kongresua eta Senatua. Karguak hartzeko ganberetan azaldu behar dira bostak, behin epaitzen ari den Aretoaren baimena izanda.
Hori baino lehen, hala ere, Kongresuko Mahaiko kideak izendantzeko bozketa bat egin behar dute.
Hurrengo egunetan, bost akusatuen defentsek baimena eskatuko omen diote epaitegiari auzipetuek espetxetik atera eta, gutxienez, maiatzaren 21eko bilkuretara joan ahal izateko, diputatu bilakatzeko.
Defentsen arabera, Gorenak Diputatuen Kongresu berriari eskatuko omen dio, suplikatorioaren bitartez, epaitzen jarraitzeko baimena. Baimen hori tramitatzen den bitartean, bilkurak bertan behera uztea behartuko luke horrek.