Hauteskunde Orokorrak -

A28

PSOE 'bakarkako gobernu bat' osatzen saiatuko da, Calvoren arabera

Espainiako presidenteorde Carmen Calvoren arabera, 123 diputaturekin gobernatzen saiatuko da PSOE, "demokrazia indartzeko" helburua izango duen gobernu aurrerakoi bat lortzeko.

Pedro Sanchez, hauteskunde ekitaldi batean. Artxiboko irudia: EFE.
Pedro Sanchez, hauteskunde ekitaldi batean.
11 urte ziren PSOEk ez zituela hauteskunde orokorrak irrabazten

10:22

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bakarrik gobernatzen saiatuko da PSOE, Diputatuen Kongresuan 123 eserleku lortuta hauteskunde orokorretan. Carmen Calvo Espainiako Gobernuko presidenteordeak sozialisten asmoak argitu ditu Cadena SER irrati katean.

"Bakarkako gobernu bat osatzen saiatuko gara", esan du Calvok. Beharrezko babesak dituen gobernu sozialista bat osatu nahi du PSOEk, beraz, Unidas Podemos Exekutiboan sartu gabe.

Calvoren arabera, PSOEk "ontzi honen lema izateko nahikoa babesa baino gehiago dauka. Oso ondo dakigu Unidas Podemosek asko lagundu digula, eta zentzu aurrerakoian indartzen gaitu. Baina uste dugu linea honetan jarraituko behar dugula".

"Mundu guztia errespetatzearen eta mundu guztiarekin hitz egitearen" alde agertu da Berdintasun ministroa, baita "Espainiako politikan elkarlanean aritzeko kulturak aurrera egitea saiatzearen" alde.

"Hainbeste aldatu da Espainiako politika, inork ez duela ulertzen azken hamar hilabeteetan pasatu dena: bazterketa, zakarkeria…", deitoratu du presidenteordeak. "Gobernu aurrerakoia izango gara, gobernuko ezkerra gara, horren alde borrokatu ginen PSOEren barruan, espazio hori ez emateko" Unidas Podemosi, esan du Calvok.

"Egun asko falta dira, eta Unidas Podemos ere ulertzen joan da", azpimarratu du Calvok, Pablo Iglesiasen taldearekin elkarlanean aritzeko formula koalizio gobernua izango den galdetuta: "Denok goaz bidea egiten eta ikasten", argitu du.

Abalosen hitzetan, PSOEk ez du ERCren babesa bilatuko

Bestalde, Jose Luis Abalos PSOEko Antolaketa idazkariak baztertu egin du sozialistek ERCren babesa bilatzea, Unidas Podemosekin koalizio gobernua lortze aldera.

"Bere garaian ez genuen egin, esan genuen ez genuela egingo, eta ez dugu egingo", nabarmendu du Abalosek Telecinco telebista katean egindako adierazpenetan.

"Goizegi da gobernu osaketaz hitz egiteko. Lasaitasunez jokatuko dugu, denbora egoki banatzen, eta batez ere, herrialdearen egonkortasuna lehenesten. Ziurgabetasun eta ezegonkortasun garaia amaitu behar da", erantsi du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Diputatuen Kongresua Politika PSOE Hauteskunde orokorrak Espainiako Gobernua Pedro Sánchez Hauteskundeak Hauteskunde Orokorrak Emaitzak