Hauteskunde Orokorrak -
A28
2,3 milioi euskal herritarrek dute botoa emateko eskubidea hauteskunde orokorretan
Hego Euskal Herrian erabakiko dira Espainiako Parlamentuko 23 diputatu eta 16 senatari.
agentziak | erredakzioa
Hego Euskal Herriko 2,3 milioi herritarrek, atzerrian bizi diren 100.000 tartean, igande honetako hauteskunde orokorretan parte hartzeko eskubidea dute EAEn eta Nafarroan osatuko diren 3.600 hauteskunde mahaietan.
100.000 bat boto-emaileren boto-paperak dagoeneko Correosen bulegoetan daude, igandean dagokien hauteskunde-mahaian uzteko.
EAEn Kongresurako 35 hautagaitzaren eta Senaturako 34 hautagaitzaren artean erabaki ahal izango dute herritarrek, eta 13,9 milioi boto-paper inprimatu dituzte behe Ganberarako eta 1,5 milioi Goi Ganberarako.
Nafarroan, Kongresurako hautagaitzak Navarra Suma (UPN, Ciudadanos eta PP), Geroa Bai, EH Bildu, Unidas Podemos, PSN, Vox, PACMA, ASyPA, PUM+J, eta Recortes cero-GV dira, eta Senaturako, Aldaketa (Geroa Bai, EH Bildu, Podemos eta Ezkerra), Navarra Suma, PSN, PACMA, Vox, PUM+J eta Recortes cero-GV.
Boto-emaile bakoitzak boto-paper zuri bat izango du diputatua aukeratzeko (8 Bizkaian, 6 Gipuzkoan, 4 Araban eta 5 Nafarroan), eta sepia kolorekoa 16 senatariak hautatzeko (4 barruti bakoitzeko).
20:00etan hauteskunde-eskolak itxi eta botoak zenbatu ostean, mahaietan 1.200 gailu izango dituzte, datuak jaso eta bidaltzeko.
Datuak ondo bidaliko direla egiaztatzeko, hauteskundeen aurretik entseguak egin dituzte euskarri informatikoa emango duen enpresarekin.
Bestalde, Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak jakinarazi du aurreko hauteskunde orokorretan jarri izan duten dispositibo bera ipiniko duela, hau da, 1.000tik gora agente udaltzainekin elkarlanean, edozein liskar saihesten ahalegintzeko.
Nafarroan berriz, 1.640 agente jarriko dituzte lanean: 310 Espainiako polizia, 970 guardia zibil, 200, foruzain eta 150 Iruñeko udaltzain.