Hauteskunde Orokorrak -

Ekitaldia Bilbon

'Sanchez berriz presidentea izateko' mobilizatzea eskatu du PSE-EEk

Idoia Mendiak Gobernuak "euskal herritarren kezka berberak dituztela" esan du, Odon Elorza (Gipuzkoa), Isabel Celaa (Araba) eta Patxi Lopez (Bizkaia) zerrendaburuekin batera egindako ekitaldian.

Patxi Lopez eta Idoia Mendia, Bilboko ekitaldian / Argazkia: EFE.
Patxi Lopez eta Idoia Mendia, Bilboko ekitaldian.
PSEren kanpaina hasierako ekitaldia, Bilbon

0:45

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

PSE-EEko idazkari orokor Idoia Mendiak ireki du euskal sozialisten hauteskunde orokorretako kanpaina, Bilboko Areatzan egindako ekitaldi batean, eta "euskal herritarrak Pedro Sanchez berriz presidentea izan dadila erabakigarriak izateko momentua" heldu dela esan du.

Mendiak PSE-EEren EAEko zerrendaburuen alde egin du: Odon Elorza (Gipuzkoa), Isabel Celaa (Araba) eta Patxi Lopez (Bizkaia). Esan duenez, "Madrilera autogobernua suntsitzeko edo independentzia aldarrikatzeko ez doazen" diputatuak eta senatariak dira.

"Enpleguan zentratuko den, erakundeak onbideratuko dituen, krisiak baztertutakoei duintasuna itzuliko dien eta gatazkak konpontzeko elkarrizketaren alde egingo duen Gobernu sozialista babestuko dute. Euskal herritarren kezka berberak dituen Gobernua babestuko dute", azpimarratu du.

Horien aurrean, Mendiak "Colon plazakoak" (PP, Ciudadanos eta Vox) jarri ditu, eta kritikatu ditu "Euskadiko demokraziaren erresistenteak nola mespretxatzen dituzten. Orain dela hamar urte biktimei traizioa egitea leporatzen ziguten berberak dira, gure alderdikideak hobiratzen genituen bitartean. Horraino heltzen da bere lizunkeria. Terrorismoak eragindako minaren erabilpen alderdikoia berriro egiteraino".

"Ez dugu Euskadi eskuinen haitzuloetara itzultzea nahi", gehitu du, eta horretarako, "Pedro Sanchez berriz presidentea izatea nahi duten euskal herritar guztien botoa behar dugu".

"Horregatik, euskal herritar bakoitzari eskatuko diogu, Pedro Sanchezek berriz gobernatzea nahi badu, sozialistak bozka dezala. Etorkizuna berdintasunean bizi nahi duen euskal herritar bakoitzari botoa eskatuko diogu", bukatu du Mendiak.

Patxi Lopez Bizkaiko zerrendaburuak esan duenez, hauteskunde orokor hauetan "sozialistek ala eskuin muturrak gobernatzen duten erabakiko dugu, aurrera egiten badugu ala atzera urte atzera egiten badugu".

Bi mezu bota ditu Lopezek: bata, eskuinaz ohartaraziz, eta bestea, mobilizazioaren aldekoa: "Hau ez da beste kanpaina bat, inoiz ez genuen eskuin muturra aurrez aurre izan, eta hemen daukagu; txarrena da eskuinak, europarrek egiten duten bezala egin beharrean, beren ideologia bere egiten duela".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Diputatuen Kongresua Politika Bilbo Bizkaia Gipuzkoa Araba Euskal Autonomia Erkidegoa Hauteskunde orokorrak Idoia Mendia PSE-EE Hautagaiak Hauteskundeak