Hauteskunde Orokorrak -
Zenbaketa
Elkarrekin Ahal Duguk irabazi ditu hauteskundeak Euskadin
Koalizio ezkertiarrak 6 diputatu ditu; EAJk, 5; PSE-EEk, 3; eta EH Bilduk eta PPk, bina.
eitb.eus
Elkarrekin Ahal Duguk irabazi ditu hauteskunde orokorrak Euskadin. Botoen % 100 zenbatuta, Podemosen eta Ezker Anitzaren arteko koalizioak bozen % 29,05 eta 6 eserleku eskuratu ditu; hau da, abenduan baino bat gehiago.
EAJ geratu da bigarren, botoen % 24,91 eta 5 ordezkari eskuratuta (-1), eta PSE-EE hirugarren, botoen % 14,24 eta hiru eserleku lortuta, abenduan bezala.
EH Bilduk eta PPk bina diputatu lortu dituzte, baina koalizio abertzaleak bozen % 13,30 jaso ditu, eta popularrek, aldiz, % 12,85.
Lurraldeka
Araban, errepikatu egin dira abenduko emaitzak, Elkarrekin Ahal Duguk, PPk, EAJk eta PSE-EEk diputatu bana lortu baitute.
Elkarrekin Ahal Dugu izan da lehen indarra, botoen % 30,87 eskuratuta, eta PP (% 20,44), EAJ (% 15,95) eta PSE-EE (% 15,76) geratu dira ondoren. EH Bilduk ez du ordezkaririk lortu bertan.
Bizkaian, Elkarrekin Ahal Duguk irabazi ditu hauteskunde orokorrak, botoen % 28,86 eta hiru eserleku eskuratuta, abenduan baino bat gehiago. EAJ geratu da bigarren, botoen % 28,25 eta bi diputaturekin (-1).
Atzetik, hirugarren indarra PSE-EE izan da (botoen % 13,92 eta diputatu bat); laugarrena, PP (botoen % 12,69 eta ordezkari bat), eta bosgarrena, EH Bildu (botoen % 10,91 eta diputatu bat).
Gipuzkoan, Elkarrekin Ahal Dugu koalizioak botoen % 28,54 eta bi eserleku jaso ditu, eta EAJk, botoen % 23,34 eta bi diputatu.
EH Bildu izan da hirugarrena, botoen % 19,14 eta eserleku bat eskuratuta. Lurraldeko seigarren diputatua PSE-EEk lortu du, botoen % 14,10ekin.