Hauteskunde Orokorrak -

Kanpaina itxiera

Patxi Lopez: 'Rajoy kanporatu nahi duenak PSOEri eman behar dio botoa'

“Ez dugu boto sozialista bakar bat bera ere Rajoyren Gobernua babesteko erabiliko”, azpimarratu du PSE-EEren kanpaina amaierako ekitaldian.

Patxi Lopez, Idoia Mendia eta Isabel Celaa PSE-EEren kanpaina amaierako ekitaldian. Argazkia: EFE
Patxi Lopez, Idoia Mendia eta Isabel Celaa PSE-EEren kanpaina amaierako ekitaldian. Argazkia: EFE
PSE-EEk aldaketa nahi duten hautesle guztien botoa eskatu du

0:34

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Patxi Lopez Kongresurako PSE-EEren Bizkaiko zerrendaburuak esan du “eskuina geldiarazi nahi duenak, ustelkeria amaitzea nahi duenak, Rajoy bota nahi duenak” aukera bakarra duela: “botoa Alderdi Sozialistari ematea”.

PSE-EEk Bilbon egin du kanpaina bukaerako ekitaldia. Patxi Lopezekin batera, Idoia Mendia Alderdi Sozialistako idazkari nagusia ere izan da. Agerraldian Mariano Rajoy Alderdi Popularraren hautagaia eta Pablo Iglesias Elkarrekin Ahal Duguren zerrendaburua gogor kritikatu ditu.

“Rajoyk eta Alderdi Popularrak Gobernua emateko exijitzen digute, gobernatzen uzteko eskatzen digute, beren lokatzetan arrastatzen ari direnean eta beren gaitasun ezean lubakia egin dutenean”, esan du.

Hala ere, “ez dugu boto sozialista bakar bat bera ere Rajoyren Gobernua babesteko erabiliko; ez ditugu boto sozialistak hainbeste sufrimendu eragin duen hori boterean mantentzeko erabiliko”, agindu du Lopezek.

Horrez gain, Elkarrekin Ahal Duguren kontrako hitzak ere izan ditu. “Asko eta asko hitz egiten dute, baina proposamenik ez dutela ezkutatzeko; herritarrak engainatu nahi dituzte; ez dute politika aldaketarik nahi, boterea eskuratzea da haien helburu bakarra”, adierazi du.

“Kanpainako egun bakoitzean Pablo Iglesiasek gauza ezberdin bat esan du. Katalunian, independentziarako erreferenduma promesten du; Euskadin, erabakitzeko eskubideaz aritzen da; eta Sevillan, espainiar guztien artean abertzaleena da”, erantsi du.

Patxi Lopezek azpimarratu du Pablo Iglesiasek ez duela printzipiorik, boterea soilik nahi duela eta “bere abenturak amildegira” eramango dituela herritarrak. “Inolaz ere ez diogu atzetik jarraituko”, esan du Lopezek.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Berriak Politika Albisteak Alderdi Sozialista Hauteskunde orokorrak Espainian Patxi Lopez bideoak PSE-EE berriak Eguneko albisteak