Hauteskunde Orokorrak -
Kanpainaren 7. eguna
PPk 'elkarbizitzaren Espainia suntsitu' nahi dutela ohartarazi du
Elkarrekin Ahal Duguk Klima Aldaketaren Legea eskatu du; EAJk bitartekaritza eskaini die enpresa berritzaileei; eta EH Bildu bertako nekazaritza produktuak lehenestearen alde agertu da.
eitb.eus
Elkarrekin Ahal Duguk Klima Aldaketaren aurkako lege bat onartzea eskatu du, eta Uren eta zerga berdeen aldeko lege berriak egitea, Erreskate Ekologikorako Egitasmo baten bitartez kaltetutako inguruak berreskuratzeko. Horren bitartez lanpostuak sortuko liratekeela ere gaineratu du.
Juantxo Lopez de Uralde Elkarrekin Ahal Duguren Arabako hautagaiak prentsa ohar batean azaldu duenez, beharrezkoa da "boto berdea agortuta dagoen eredu ekonomiko, politiko eta soziala amaitzeko".
"Geroz eta jende gehiago ohartzen da ezin zaiola egungo krisi handiari aurre egin krisi ekologikoari heldu gabe", ohartarazi du.
Laudion (Araba), Nagua Alba Gipuzkoko zerrendaburuak aldarrikatu du "aldaketarako arrazoiak" egon badaudela oraindik. Horregatik, gizartean "desberdintasunak" ekarri dituzten politikak "iraultzeko bigarren aukera" dagoela adierazi du.
Podemos Euskadiko idazkari nagusiaren esanetan, azken legegintzaldiak balio izan du denen benetako asmoak argitara ateratzeko. Gainera, ?asko ikasi? dutela gaineratu du.
Aitor Esteban EAJren Bizkaiko zerrendaburuak Espainiako Gobernuaren aurrean "bitartekari" lanak egitea eskaini die euskal enpresa berritzaileei.
EAJk Automotive Intelligence Centerren egin du ekitaldia, Zornotzan, eta bertan izan dira, Estebanez gain, Aldundiko ordezkariak ere.
Kongresurako hautagaiak azpimarratu du EAJ "euren zerbitzura" dutela I+G+b alorrean diharduten enpresek eta langileek.
Bergaran (Gipuzkoa), Andoni Ortuzar EAJko presidenteak adierazi du ezker abertzaleak "ezin" dituela "Euskadiren interesak defendatu" Madrilen, eta "Podemosen itxurak eta EAJren diskurtsoa kopiatu izana" egotzi dio. "Lehengo egunean kea saltzea leporatu zigun Otegik, baina haiek noraezean daude", gaineratu du.
Lurralde horretan bertan, Mikel Otero EH Bilduren Kongresuko zerrendaburuak "politika berria" eskatu du nekazaritza eta abeltzaintzari begira, multinazionalen aurrean bertako produktu txikiei lehentasuna emate aldera.
EH Bildu Arabako baserri batean izan da gaur, eta hautagaiak berretsi du bertako produktuen kalitatea "mimoz" zaindu beharrekoa dela.
"Gure baserritarrekin gaudenok, nola lan egiten duten dakigunok, badakigu hemengo produktuek, haiek mimoz landutakoek, balio erantsia dutela beste batzuen aurrean", azpimarratu du Oterok.
Idoia Mendia PSE-EEren idazkari nagusiak esan du EAEn Ciudadanosi botoa ematea "gauzak aldatzeko" baliagarriak izan zitezkeen "botoak alperrik galtzea" dela.
Mendiak Julia Liberal Senaturako Araban duten hautagaiarekin egindako ekitaldi batean azpimarratu duenez, "inoiz baino beharrezkoagoa" da ekainaren 26ko bozetan botoaren eraginkortasunean pentsatzea, eta "hori Euskadin botoa Alderdi Sozialistari ematea da".
Haren esanetan, PPri botoa ematea "ustelak absolbitzea" eta lan eskubideen eta eskubide sozialen murrizketak babestea da, eta Elkarrekin Ahal Duguren alde egitea "azken sei hilabeteetako blokeoari eustea".
Borja Semper PPk Gipuzkoan duen Kongresurako zerrendaburuak "gorrotoaren bandera hartu eta elkarbizitzaren Espainia suntsitu" nahi izatea leporatu die "populistei".
Semperrek Irunen egin ditu adierazpenok, PPko kideekin egindako ekitaldi batean, eta "boto moderatua, hazkundearen aldekoa, enplegua sortzearen aldeko" eskatu du; izan ere, "erradikalitatetik, enfrentamendutik, sekula ez da ezer onik atera", azaldu duenez.
"Horren alde egiten dutenek sistema hankaz gora jarri nahi dute, autogobernu kotak eta hazkunde ekonomikoa ahalbidetu dutena suntsitu nahi dute, elkarbizitzaren Espainia suntsitu nahi dute gorrotoaren bandera hartuta?, gaineratu du.