Hauteskunde Orokorrak -

Ciudadanos

Riverak legegintzaldiaren hasiera ez blokeatzeko eskatu dio PSOEri

Ciudadanosen presidenteak "legegintzaldia hastearen" edo "blokeatu" eta hauteskundeak aurreratzearen alde dauden argitzeko exijitu die sozialistei.

Albert Rivera Ciudadanosen presidentea. Argazkia: Efe
Albert Rivera Ciudadanosen presidentea.
Albert Rivera Ciudadanosen presidentea. Argazkia: Efe

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Albert Rivera Ciudadanosen presidenteak "legegintzaldia hastearen" edo "blokeatu" eta hauteskundeak aurreratzearen alde dagoen argitzeko exijitu dio PSOEri, eta agintaldi berria lehenbailehen hasteak duen garrantzia azpimarratu du, lanari ekiteko.

Atzoko hauteskunde orokorren inguruko irakurketa egiteko alderdiaren egoitzan eman duen prentsaurrekoan azaldu duenez, PSOEk esan egin behar du Podemosekin eta horrekin batera aurkeztu diren alderdi "nahaspila"rekin Gobernua osatzen ahalegindu behar ote den.

PSOEri mugimenduren bat egitea egokitzen zaiola uste du Riverak; horregatik, "arduraz" jokatzea eskatu dio, Espainiak ezin duelako "gelditu, lanean hasi beharra dago eta".

Bere ustez, "ona" izango litzateke Pedro Sanchez PSOEren idazkari nagusiak "hamaika alderdirekin" gobernatzen saiatu behar ote den argitzea, hori "ezinezkoa" izango litzatekeelako, Ciudadanosen buruaren arabera.

Aurreikusitako arrakasta zergatik ez duen lortu galdetuta, Riverak esan du txosten bat egingo dutela emaitzak aztertzeko. Horren harira, alderdi "hegemonikoekin" eta beste alderdi batzuekin batera aurkeztu zen Podemosekin lehiatu zirela gogorarazi du.

Riverak berriro baztertu du Espainia zatitzea agendan duen alderdi politiko baten aldeko botoa ematea, eta Podemosek Katalunian erreferenduma egiteko duen "proposamen izarra"ri egin dio erreferentzia.

Hala, Iglesiasi erreferenduma bertan behera uzteko eskatzea PPri "ezkertiarra" izatea edo PSOEri "alderdi kontserbadorea izatea" eskatzea bezala dela adierazi du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
PSOE Espainiako hauteskunde orokorrak Ciudadanos alderdia Albert Rivera bideoak