Hauteskunde Orokorrak -
PSOE
PSOEk Rajoyren kontra bozkatuko du inbestidura ekitaldian
Hala ere, ez du argitu PPren beste hautagairen baten aurrean zer egingo lukeen. Sanchezek idazkari nagusi izaten jarraitzeko hautagaitza aurkeztuko du hurrengo Kongresuan.
Agentziak | Erredakzioa
Cesar Luena PSOEren Antolaketa idazkariak aurreratu du sozialistek Mariano Rajoy PPren hautagaiaren kontra bozkatuko dutela inbestidura ekitaldian, baina ez du argitu zein izango den botoa PPk beste presidentegai bat aurkeztuz gero.
Luenak argi adierazi du, Ferrazen hauteskundeetako emaitzak aztertzeko egindako bileraren ondoren, PSOEk Rajoyren izendapena galaraziko duela ahal duen heinean.
PSOEren ordezkariak berretsi du PPri dagokiola Gobernua osatzea, hauteskundeak irabazi dituelako, eta sozialistek "zuhurtziaz eta arduraz" jokatuko dutela.
PPk Rajoy ez den beste presidentegai bat aurkezteko aukeraren inguruan galdetuta, Luenak ez du argitu zein izango litzatekeen alderdiaren jarrera.
"Nik dakidala, PPk Rajoy aurkeztu behar du, eta PSOEk PPren eta Rajoyren kontra bozkatuko du. Horixe da dakiguna, eta hori eskuartean, hauxe egingo dugu: PPren eta Rajoyren kontra bozkatu", azpimarratu du.
Berriro izan nahi du idazkari nagusi
PSOEko lider Pedro Sanchezek baieztatu dio alderdiko zuzendaritza federalari berriro aurkeztuko dela PSOEko idazkari nagusia izateko; hala zuen iragarrita azken asteotan.
PSOEk 2016ko lehen hilabeteetan egingo du ohiko kongresua, eta Sanchezen asmoa da berriro hautatua izatea. 2014ko uztailean aukeratu zuten militanteek, primarioetan gailendu ostean.
Zuzendaritza federal astelehen honetan bildu da Ferrazeko egoitzan, hauteskunde orokorretako emaitzak aztertzeko; horietan, sozialistek demokrazian izan dituzten emaitzarik txarrenak jaso dituzte; 110 eserleku izatetik, 90 izatera igaro dira, eta milioi eta erdi boto galdu dituzte duela lau urteko emaitzekin alderatuta.
Sanchezek iragarri zuen hauteskundeak egin aurretik asmoa zuela berriro hautatua izaten saiatzeko; hala, PSOEren berrikuntza-proiektua sendotuko luke.
Hauteskunde-emaitzak bere asmoa berretsi du
Hauteskundeetan izandako emaitzak bere asmoari eusten lagundu dio sozialisten liderrari; izan ere, Luenak dio emaitza "onargarria" dela.
Antonio Pradas PSOEren Politika Federaleko idazkariak aseguratu du Andaluziako PSOEk Sanchez babesten duela, eta ez duela bere lidergoa "inondik inora" zalantzan jartzen, nahiz eta hauteskundeak irabazi ez dituen eta milioi eta erdi boto galdu dituen.
"Babes osoa du une honetan", aseguratu du Pradasek, alegia, alderdiko federal-mailako hirugarrenak.