Hauteskunde Orokorrak -
A20
Geroa Baik 'errespetuz' onartu ditu hauteskundeen emaitzak
Martinezek aitortu egin du "gizarteak hitz egiteko duen eskubidea, haren agintaritza eta boterea", baina "gogoeta sakona" egitea eskatu du militanteen aurrean, boto jaitsieraren arrazoiak zehazteko.
agentziak | erredakzioa
Koldo Martinez Geroa Bairen Kongresurako hautagai nagusiak "errespetuz" onartu du herritarren erabakia, alderdiak Madrilen duen eserlekua galdu ostean. Martinezen arabera, 2015eko Hauteskunde Orokorretan eurek galdutako babesa Podemosek Estatu mailan irudikatzen duen "aldaketa" gauzatzera bideratu dute.
Hala adierazi du Geroa Bairen ordezkariak 40 bat militanteren aurrean; izan ere, koalizioko hautagaiek ez dute itxaron nahi izan zenbaketa guztiz eginda egon arte onartzeko emaitzak ez direla onak izan.
Martinezek aitortu egin du "gizarteak hitz egiteko duen eskubidea, haren agintaritza eta boterea", baina "gogoeta sakona" egitea eskatu du militanteen aurrean, boto jaitsieraren nondik norakoak zehazteko.
"Irabazleak zinez zoriondu" eta gero, bai Nafarroan, baita Estatuan ere, Barkosen esku Nafarroako Gobernuan gauzatu zen "aldaketarako gogoa" Estatu mailan "Podemos deitutako indarrak" jaso duela adierazi du.
Horren harira, Martinezen esanetan, kontuan izan behar dira "oinarrizko elementu" asko emaitzak aztertzeko orduan, esaterako, UPN-PP koalizioa, baina, bereziki, Podemosek "aldaketarako gogoa" bere gain hartu duela.