Hauteskunde Orokorrak -

EAJ

Ortuzar: 'Euskal ahotsa gara Madrilen; gure ituna Euskadi da'

EAJren EBBko presidenteak nabarmendu du bere alderdiak politika egiteko modu berri baten alde egiten duela; elkarrizketan, akordioan eta gardentasunean oinarritutako modu baten alde, hain zuzen.

Andoni Ortuzar. Argazkia: EiTB.
Andoni Ortuzar. Argazkia: EiTB.
EAJ: 'Euskadik gaur desberdin bozkatu du'

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Abenduaren 20ko hauteskunde orokorretako emaitzak baloratzeko agerraldian, Andoni Ortuzar EAJko presidenteak nabarmendu du erdietsitako sei diputatuek "joko asko" emango dutela Kongresuan. Ortuzarren esanetan, "EAJ da euskal ahotsa Madrilen".

"EAJk bere posizioari eutsi dio; are gehiago, beste diputatu bat ere lortu du (guztira, sei), duela lau urteko emaitzekin alderatuta", azpimarratu du Ortuzarrek. Ondorioz, EAJk talde parlamentarioa izango du berriro, nahiz eta bi indar berri (Podemos eta Ciudadanos) heldu diren.

"Euskadi da gure itun bakarra", esan du Ortuzarrek. EBBk Madrilen politika egiteko modu berri baten alde egin du apustu; "elkarrizketan, akordioan eta gardentasunean" oinarritutako modu baten alde, alegia. Horren ustez, kontzeptu horiek ez dira ohikoak izan Gobernuan izan diren alderdien artean.

"Lan egingo dugu 180 graduko aldaketa lortzeko asmoarekin, Euskadiri dagokionez; estatus-aldaketa agintari espainiarren agendan ere egon behar da", esan du.

Ongietorria, Podemosi

EAJko presidenteak ongietorria eman dio Podemosi; Pablo Iglesiasen alderdiak Ortuzarrenak baino boto gehiago lortu ditu EAEn, nahiz eta diputatu bat gutxiago izan (5, Podemosek, eta 6, EAJk): “Sentsibilitatea erakutsi dute euskal auzien gainean, eta herritarrek eskertu dute; orain, horri eutsi behar diote Kongresuan zein Senatuan”.

EAEn PPk, PSOEk eta ezker abertzaleak izandako atzerakada nabarmendu du Ortuzarrek, eta EAJk emaitzak kontuan izango dituela gaineratu du, eta emaitza horiek bere uste sendoak finkatu dituela, politika egiteko modu hurbilago baten alde.

Esteban: "Euskal herritarrek aldaketa nahi dute Madrilgo Gobernuan"

Aitor Esteban EAJren Kongresurako Bizkaiko zerrendaburuaren esanetan, Euskadin hauteskunde orokorretan izandako parte-hartze handiak erakutsi du euskal herritarrek "aldaketa" nahi dutela Madrilgo Gobernuan.

Bilboko egoitzan, Sabin Etxean, komunikabideen aurrean egindako adierazpenetan, Esteban pozik agertu da gaur izandako lasaitasunarengatik eta parte-hartze handiarengatik.

Estebanen iritziz, horrek argi erakusten du "herritarrek interesa" dutela politikarekin, eta Euskadin parte-hartzea Estatuan baino handiagoa izan dela nabarmendu du.

Jeltzaleen ordezkariaren esanetan, EAEko herritarrak "ez daude ados Madrilgo Gobernuak azken lau urteotan egindako politikarekin", eta "Espainiako Gobernuan aldaketa egotea" nahi du Euskadik.

Agerraldia egin duenean behin betiko daturik ez zegoenez oraindik, Estebanek ez du beste adierazpenik egin.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
EAJ-PNV Iñigo Urkullu biografia Andoni Ortuzar albisteak Hauteskunde orokorrak Alderdi politikoak Hautagaiak