Hauteskunde Orokorrak -
Hauteskunde orokorrak
Hauteskunde-mahaiko presidentea erratu egin da Urkulluren izenarekin
Lehendakaria Durangoko hautesleku batera joan da bozkatzera, eta, hauteskunde-mahaiko presidentea haren izena irakurtzen hasi denean, "Iñaki" eta "Ignacio" deitu dio, urduritasunak jota, antza.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Durangoko Behargintza zentroan jarritako hauteslekuko mahaiko presidenteak "Ignacio" eta "Iñaki" deitu dio Iñigo Urkullu lehendakariari, boza ematera joan denean.
09:00etan jazo da, hauteslekua ireki bezain laster. Lehendakariak NANa eman dio hauteskunde-mahaiko presidenteari, eta hura irakurtzen hasi da: "Iñaki". Urkulluk zuzendu egin du, eta hauteskunde-mahaiko presidenteak "Ignacio" deitu dio orduan. Okerraren gainean ohartarazi dio lehendakariak berriro ere, eta mahaiko presidenteak, azkenean, izena zuzen esan du; "Iñigo Urkullu Renteria", hain zuzen ere.
Hautesleku horretan kamera eta mikrofono ugari zeuden, eta, hori dela eta, litekeena da hauteskunde-mahaiko presidentea urduri jarri, eta horregatik okertu izana. "Eguneko bitxikeria daukazue", esan die Urkulluk bertan bildutako kazetariei.