Europakoak 2024 -

Biografia

Jean-Claude Juncker, Europar Batasuneko beteranoa

Europako Alderdi Popularreko zerrendaburuak lan asko egin ditu dagoeneko Europar Batasunean. Luxenburgoko lehen ministroa izan da, baita eurotaldeko presidentea ere.

Jean Claude Juncker, hautagai popularra

I.G. / EITB.COM

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Jean-Claude Juncker (Luxenburgo, 1954), Alderdi Kristau-Sozialeko kidea izan da 1974. urtetik eta Europa eta federalismoaren alde lan handia egin du azken urteetan. 18 urtez Europar Batasuneko herrialde aberatseneko lehen ministroa izan da, Luxenburgo. Nazioarteko Moneta Funtsako Gobernadorea izan zen (1989-1995) eta eurotaldeko presidentea iazko abendura arte. Egun, Europar Batzordeko presidentetza lortzeko Europako Alderdi Popularraren zerrendaburua da.

Bigarren hezkuntzako ikasketak Belgikan egin zituen eta 1979. urtean Zuzenbide Maisutza lortu zuen Estrasburgoko Unibertsitatean. Bertan, gerora bere emaztea izango zena ezagutu zuen.

Ez du inoiz abokatu lanik egin, eta 1989. urtean trafiko istripu larria pairatu zuen: bi aste koman eman zituen Junckerrek.

Arlo politikoan, Luxenburgoko Alderdi Kristau Sozialeko kidea izan da 1974. urtetik. Alderdi horretako gazteriaren idazkari nagusia izan ondoren, 1982. urtean, Gizarte Segurantza eta Lan ministro izendatu zuten. Beste hainbat ministeriotan lan egin ondoren, Luxenburgoko lehen ministro izendatu zuten (1995). Aurretik, Munduko Bankuko eta Nazioarteko Moneta Funtsako Gobernadore izan zen.

Lehen ministro izendatu zutenean, 1995ean, Finantza, Lan, Enplegu eta Aurrekontu ministroa ere bazen. Iazko abendura arte, kargu horretan mantendu da Juncker.

Europar Batasunean aspalditik da ezaguna: 1991ean Finantza Batzordea zuzendu zuen, eta Maastricheko hitzarmenari bultzada handia eman zion. Helmut Kohl eta Chiracen arteko elkarrizketak ere berak bultzatu zituen 1996ko abenduan. Horrez gain, 1997ko bigarren seihilekoan Europar Batzordeko presidentea izan zen.

2004. irailean, Junker eurotaldeko presidente izendatu zuten.

Orain, Europako Alderdi Popularreko zerrendaburua izango da. Maiatzaren 25eko hauteskundeetako emaitzen arabera hautatu da Europar Batzordeko presidentea eta, dagoeneko Junckerrek esan du hauteskundeak irabaztekotan berak hartuko duela presidentetza Europan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea