Europakoak 2024 -

Hauteskundeak

Bilbaok dio langabeziak eta ustelkeriak sortzen dituztela mugak

Bestalde, Ortuzarrek esan du EBn bidera daitekeela Espainiako Estatuaren eta Euskal Herriaren arteko gatazka. Horregatik, EB ez dela arazoa, “irtenbidea” baizik, azpimarratu du.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Izaskun Bilbao EAJren EBko hauteskundeetarako hautagaiak salatu du "langabezia % 25eraino eramaten duten politika ekonomikoak eta ustelkeria maila altuak" direla mugak jarri nahi izatea eragiten dutenak, Espainiako Estatuari erreferentzia eginez.

Forum Europak antolatutako hitzaldi batean parte hartu du Izaskun Bilbaok, eta Andoni Ortuzar EAJren presidenteak aurkeztu du.

"Euskadi gehiago Europan eta Europa gehiago Euskadin" defendatu eta gero, hautagai jeltzaleak Europar Batasun "hobea, federala" aldarrikatu du.

"Subiranotasun eta nortasun nazional kontzeptu berrien alde egiten dugu, eta estatu zaharrek ez dute onartzen. Langabezia % 25eraino eramaten duten politika ekonomikoak eta ustelkeria maila altua dutenek eragiten dute", azpimarratu du hautagai jeltzaleak.

Gainera, ez du uste Europako erakundeek uko egingo diotenik proiektu komuna eraikitzerako garaian euskal herritarrak, eskoziarrak edo kataluniarrak ondoan edukitzeari.

Bestalde, Bilbaok alderaketa egin du EAJren proiektuaren eta "pankartako eta megafonoko independentistak bakarrik" direnen artean, EH Bilduri erreferentzia eginez.

Gainera, "bake eta adiskidetze prozesuan gehiago inplikatzeko" eskatu dio Europar Batasunari.

Europar Batasuna, "arazoa" barik, "konponbidea" da

Andoni Ortuzar EAJko presidentearen hitzetan, posible da Estatuko arazoak eta "euskal arazoa" Europan "bideratzea", Europar Batasuna, "arazoa" barik, "konponbidea" baita. Izaskun Bilbao Europako hauteskundeetarako EAJko zerrendaburuarekin batera egindako gosari informatiboan, jeltzaleei botoa ematea "eraginkorra" dela esan du. Horrez gain, Izaskun Bilbaok Euskadiko herritarren alde Bruselan egindako lana goratu du Ortuzarrek. "Europa EAJren DNAn dago. Gure arazoen konponbidea bertan dago", esan du. Hala ere, egungo Europarekin pozik ez daudela azpimarratu du, "arreta, pertsonei baino, merkatuei jartzen dielako. Arima eta bihotza faltan ditu Europak", EAJko presidentearen ustez.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea