Europakoak 2024 -

Maiatzak 25

Cañete: 'Zergak eta langabezia murriztuz amaituko dugu legealdia'

PSOEri hauteskunde programa ez izatea egotzi dio, eta legealdi bakar batean 3,6 milioi enplegu suntsitu ondoren, “leziorik” ez emateko esan dio Cañetek.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Miguel Arias Cañete Europako hauteskundeetarako PPren zerrendaburuak esan du popularrek “zergak arinduz eta langabezia murriztuz” amaituko dutela legealdia. PSOEri hauteskunde programa ez izatea egotzi dio, eta “legealdi bakar batean 3,6 milioi enplegu suntsitu ondoren”,  ez  dagokiola inori leziorik ematea esan du Cañetek.

Arias Cañete Bilbon izan da gaur, Arantza Quiroga EAEko PPren presidentearekin eta Carlos Iturgaiz Euskadiko PPren zerrendaburuarekin batera.

Cañetek Espainiaren batasuna defendatu du, eta argi utzi nahi izan du Espainiatik ateratzen dena Europatik kanpo geratuko dela.

“Martxan jarritako neurri ekonomikoekin eta sozialekin harro egon daiteke alderdi popularra”, Cañeteren hitzetan, eta terrorismoaren biktimen eskubideak babesteko “Europako gutuna” bultzatuko dutela iragarri du.

Euskadin gauzak asko aldatu direla adierazi du, eta PPk hauteskundeak irabaziko dituela, “printzipioak dituelako, eta Espainia bihotzean daramalako”.

Bestalde, sozialistei herrildea suntsituta utzi izana egotzi die, eta EAEko popularrei EAJtik datozen irainak ahazteko eskatu die. “Guk pedagogia egin behar dugu, Espainiarentzat funtsezkoak diren hauteskunde batzuen aurrean gaudela konturarazteko”.

ETAri buruz, hiltzen ez badu, Estatuak irabazi egin duelako dela nabarmendu du. Horren harian, biktimak PPren “erreferente etikoak” izango direla azpimarratu du. “Ez ditugu biktimak ahaztuko, eta euren eskubideak babesteko gutun bat bultzatuko dugu Europan”.

Arantza Quiroga EAEko PPko presidenteak, bestalde, errealitateari “aurre egiteko” eskatu dio lehendakariari. “Kataluniarrek eta eskoziarrek gure autogobernu maila izatea nahiko lukete”, gaineratu du.

“Txikitasunean nahaspilatuta eta mundu zahar batean gordeta dabil EAJ, eta horrek iraina erabiltzera eramaten ditu jeltzaleak. EAJ urduri dagoela ikusten dugu”, esan du Quirogak.

Bestalde, Carlos Iturgaiz EH Bilduko zerrendaburuari zuzendu zaio. Bere “kumeek” egindako azken erasoak gaitzesteko eskatu dio, eta ETAren alde jardutea egotzi dio. ETA   talde  modura  ez  dela  desagertu  eta  desagertzeko  gogorik  ere  ez  duela  erantsi  du  Iturgaitzek.

Eusko  Alderdi  Jeltzalearen  aurka  ere  aritu  da. Jeltzaleek “haustura ,  irainak  eta  hitz  hutsak  ari  dira saltzen”,  Iturgaitzen  esanetan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea