Europakoak 2024 -
Europako hauteskundeak
EAJ: 'Espainiak % 30eko langabezia, espekulazioa eta ustelkeria ditu'
EAJko eurodiputatuak Euskadiko egoera oso bestelakoa dela adierazi du.
Erredakzioa
Izaskun Bilbao EAJko eurodiputatuak eta Europako hauteskundeetarako hautagaiak adierazi duenez, "arazo politikoak ez dira beti ezezkoa emanez edota gehiengoaren indarra erabilita konpontzen"; esaterako, Kataluniako arazoa. Bilbaoren iritziz, arazo politikoek "erantzun politikoa" behar dute.
Ortuellan egin duten nekazaritza eta abeltzaintza azokan, Saulo Nebreda alkatearekin izan da ordezkari jeltzalea, eta gogor kritikatu du Espainian dagoen egoera. "% 30eko langabezia, espekulazioa eta ustelkeria daude", adierazi du.
Ildo horretatik, Euskadiko egoera oso bestelakoa dela adierazi du, eta Ortuellako azokak, adibidez, "ekonomia produktiboa, garapena eta kalitatea" islatzen dituela nabarmendu du.
"Beti ezetz esaten dabiltzanei argi utzi nahi diet hobe luketela arazoak konpontzen saiatzea eta Espainiako irudia hobetzea, % 30eko langabezia, espekulazioa eta ustelkeria arazoak dituzte eta", erantsi du. "Horren aurrean, beste eredu batzuk daude; besteak beste, Euskadikoa. Gure eredua, ekonomia produktiboaren eta industriaren garapenean oinarritzen da, eta horrekin guztiarekin batera gure kultura eta hizkuntza ditugu", esan du.
"Kataluniako auzia"
Kataluniako auzi politikoaren inguruan mintzatu da ere mintzatu da Bilbao, eta arazo politikoek erantzun politikoa behar dutela esan du. "Asteartean ikusiko dugu Kongresuan zer gertatzen den, baina seguruenik ezezkoa jasoko dute. Aitzitik, hau ez da bide zuzena", gaineratu du.