Albisteak -
Analisia
Hautagai dantza
Europako Batzordeko presidente berriak 28en gehiengo zabal baten babesa behar du. Baina, antza denez, Merkelek Estatu edo gobernuburu guztien oniritziarekin ez bada ez du izendatu nahi.
Iratxe Etxebarria | Eitb.com
Europar Batasuna, berriro, Estatu eta gobernuburuek kudeatutako korapilo burokratikoa bezala ageri zaigu. Jean-Claude Juncker hautagai zuen Alderdi Popularra (EPP) izan da boto gehien jaso dituena.
Kanpainan kontatu digute, oraingoan baietz, oraingoan hiritarren bozek aukeratutakoa izango dela Europako Batzordeko presidentea. Baina Merkelek esan du ez duela zertan bozkatuenak Bruselako exekutiboa zuzendu beharrik.
Europako Batzordeko presidente berriak 28en gehiengo zabal baten babesa behar du. Baina, antza denez, Merkelek Estatu edo gobernuburu guztien oniritziarekin ez bada ez du izendatu nahi. Junckerren hautagaitzak ez du David Cameron Britainia Handiko lehen ministroaren babesik. Herbeherek, Suediak eta Finlandiak ere nahiago lukete Juncker ez den beste hautagai bat Europako Batzordearen buru izatea, Der Sigelek argitaratu duenez.
Bidegurutzearen aurrean gaude: Hiritarrei bizkarra eman eta adostasun zabalagoa duen hautagai berri bat bilatu, edo berritu behar diren beste kargu batzuekin tratuan hasi. Alegia, Europako Kontseiluko presidente, Atzerri Politikarako goi arduradun edota Parlamentuko presidente karguez ari naiz.
Testuinguru honetan, horrelako edozein kargu betetzeko prest dirudien Tony Blair Britainia Handiko lehen ministro ohiak burua erakutsi du. Hauteskundeak egin zirenetik, Europaren antolakuntzari buruzko mezuak zabaltzeko hainbat elkarrizketa eskaini ditu Europako komunikabide esanguratsuenetan. Duela lau urte ere, Herman Van Rompuyren lekua hartzeko ozen entzun zen bere izena.
Jyrki Katainen Finlandiako lehen ministro ohia ere Bruselara begira dago. Angela Merkelen kutunak, apirilean iragarri bezala, kargua utzi du. Aukera asko ditu Bruselan hutsik geldituko diren kargu ezberdinak betetzeko.
Juncker, Blair, Katainen edo entzuten diren beste izen horietako bat aukeratu aurretik, 28ek hauteslekuetan jasotako mezua entzun beharko lukete, botoa eman dutenen zilegitasuna hankaz gora botatzeko arriskua dutelako.