Albisteak -
Europako hauteskundeak
Rajoyk dio emaitzak ezin direla hauteskunde orokorretara estrapolatu
PPren Batzorde Nazionalean, Europako hauteskundeen emaitzak baloratu ditu Gobernuko presidenteak. Alderdia dinamizatzeko, plana abian jarriko dutela iragarri du Rajoyk.
Erredakzioa
Mariano Rajoy PPko eta Espainiako Gobernuko presidenteak dio Europako hauteskundeen emaitzak ezin direla hauteskunde orokorretara estrapolatu.
PPren Batzorde Nazionalean, Europako hauteskundeen emaitzak baloratu ditu Gobernuko presidenteak, Maria Dolores de Cospedal alderdiaren idazkari orokorraren eta Miguel Arias Cañete hautagaiaren agerraldien ondoren.
PPko zuzendaritzaren aurrean, Rajoyk azpimarratu du Alderdi Popularra izan dela hauteskundeetako irabazlea. Edonola ere, irailetik aurrera alderdia dinamizatzeko plana abian jarriko dutela iragarri du, eta galdutako babesa berreskuratzea izango da egitasmoa horren xedea, PPko iturriek azaldu dutenez. Zehazki, erkidegoetako eta udaletako hauteskundeei bideratutako egongo da, eta alderdiaren egoeraren inguruko inkestak hartuko ditu.
Esperanza Agirre Madrilgo PPko presidenteak, bestalde, aldaketak eskatu ditu PPn, ''barruan eta kanpoan''. Jose Antonio Monagok, Jose Ramon Bauzak, Alicia Sanchez Camachok eta Vicente Martinez Pujaltek ere hitz egin dute bileran.
Cospedalek aitortu du mezua ''hobetu'' behar dutela
Bileraren ostean, prentsaurrekoa eskaini du Maria Dolores de Cospedal alderdiko idazkari orokorrak, eta bertan aitortu du ''agerikoa'' dela Gobernuaren jardunaren inguruko mezua ''hobetu'' behar dutela.
Cospedalek alderdiaren garaipena azpimarratu du, eta esan du gainerako aukerak oso urrun daudela Espainiako bi alderdi nagusiengandik. Baieztatu egin du PPk plan berezia abiatzeko asmoa duela, eta ''hartu beharrekoa erabakiak'' hartuko dituztela aurreratu du. ''Pedagogia eta komunikazio ahalegina'' egitea izango da xedea.
Cospedalek gogoratu du bere alderdia Gobernuan dagoela, eta ''erabaki zailak'' hartu behar izan dituela, horietako hainbat agindutakoaren kontra, egoera ekonomikoak horretara behartuta.