Albisteak -

Europako hauteskundeak

Rubalcabak kargua utziko du, eta PSOEk biltzarra egingo du uztailean

Botoen % 23 lortu eta gero, 14 eserleku izango dituzte, aurreko hauteskundeetan baino 9 gutxiago. Patxi Lopezen hitzetan, ''erabat zentzuzkoa'' da ez-ohiko biltzarra deitzea.

Idazkaritza nagusia utziko du uztailean

1:28

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

PSOEk ezohiko biltzarra deitu du uztailaren 19 eta 20rako, Europako hauteskundeetan izandako "emaitza txarrak" direla eta. Biltzar horretan, Alfredo Perez Rubalcabaren ondorengoa aukeratuko dute sozialistek. Europako hauteskundeetan botoen % 23 lortu eta gero, Europan 14 eserleku izango dituzte, aurreko hauteskundeetan baino 9 gutxiago.

Zuzendaritza sozialistaren bilerak hiru ordu iraun du, eta Rubalcabak agerraldia egin du ondoren. PSOEk herritarren konfiantza ez duela jaso eta igandeko emaitzak "oso txarrak" direla onartu du bertan.

Porrotaren erantzukizuna bere gain hartu du Rubalcabak, eta alderdiaren etorkizuna beste talde batek zuzendu behar duela erantsi du.

Gainera, barne-hauteskundeetara ez dela aurkeztuko aurreratu du. Azaroan egin beharreko hauteskunde primarioetan erabaki beharko dute Moncloarako hautagaia, alderdiko zuzendaritza berriak egutegia aldatzen ez baldin badu.

Barne-hauteskundeetara ez aurkezteko erabakia "aspaldi" hartu zuela azaldu du Rubalcabak, eta Elena Valencianok, Oscar Lopezek eta Felipe Gonzalezek bazutela horren berri gaineratu du.

Uztailean Ezohiko Kongresua egin arte ez duela kargua utziko azaldu du Rubalcabak.

Ez du argitu politikagintza utziko duen ala ez, eta azken bi urteetan martxan jarritako egitasmoarekin "aurrera jarraitzeko" beharra azpimarratu du.

Jimenezek uko egin dio PSNren exekutiba berrian izateari

Bestalde, Roberto Jimenez PSNko idazkari nagusiak astelehen honetan iragarri duenez, PSNk ezohiko batzar bat egingo du aurten, exekutiba berri bat izendatzeko, eta horren parte izateari uko egin diola azaldu du.

Jimenezek azaldu duenez, ezohiko batzar hori baino lehenago PSN alderdian primario irekiak egingo dira, dena dela, PSOEren ezohiko batzarraren ostean, estatutuetako arrazoien ondorioz.

Patxi Lopez: 'Alderdiari buelta eman behar zaio'

Patxi Lopez PSE-EEko idazkari nagusiaren hitzetan ''erabat zentzuzkoa'' da Rubalcabak uztailerako ez-ohiko biltzarra deitzea, Lopezen aburuz kontua ez baita ''kartelari buelta ematea, alderdiari buelta ematea baino''. Lopezen ustez, sozialistek ''erantzuna eta irtenbidea'' bilatu behar dizkiote hauteskundeetan gertatutakoari. Edonola ere, ez du argitu nahi izan PSOEren buru izateko hautagaitza aurkezteko asmorik duen ala ez. ''Horretaz hitz egingo dugu; gaur ez da unea'', gaineratu du.

Madinak primarioak defendatu ditu

Eduardo Madina Talde Sozialistak Kongresuan duen idazkari orokorrak, bestalde, esan du alderdiak azarorako irekita dituen primarioetan duela itxaropena, eta ez du argitu uztaileko hitzordurako hautagaitza aurkeztuko duen.

Madinak azaldu duenez, Ferrazeko ''eztabaida sutsuan'' berak sinesten duen hori defendatu du: primarioen bidez gizartera zabalduta bakarrik duela alderdiak etorkizunerako esperantza. Halaber, azpimarratu du biltzarra deitzea Rubalcabaren erabaki pertsonala izan dela.

Odon Elorza ere primarioen alde

Radio Euskadiko ''Ganbara'' saioan egin duen elkarrizketan, primario irekien alde azaldu da Odon Elorza ere, bertatik PSOE eraberritua irten dadin. Izan ere, Donostiako alkate ohiak uste du kongresuak aurretiazko kontrola ekar dezakeela sozialisten burua aukeratzeko orduan.

Katalunia

Bestalde, alderdia "gidatzen" jarraitzeko "indar handia" duela ziurtatu du Pere Navarro PSCko buruzagiak, baina zuzendaritzan aldaketak bultzatzeko Kontseilu Nazionala deitu du ekainerako. "Erronka berriei aurre egiteko kapaz" izan behar dela azaldu du Navarrok.

Alfredo Perez Rubalcabaren erabakia "asko errespetatzen" duela azaldu du Navarrok. PSOEren antzeko kongresu bat egin behar duen erabaki beharko du PSCren Kontseilu Nazionalak, Navarroren esanetan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Albisteak Alderdi Sozialista