Albisteak -
Europako Hauteskundeak
Alderdi-bitasunak hondoa jo du Europako Hauteskundeetan
PPk eta PSOEk botoen % 50 baino gutxiago lortu dituzte. PPk 16 diputatu lortu ditu, eta PSOEk, 14. Ahal Duguk eta Ciudadanosek ordezkariak izango dituzte lehenengo aldiz Europako Parlamentuan.
Manu Gimenez | eitb.com
Botoen % 97 zenbatuta, PPk irabazi ditu Europako hauteskundeak Espainiako Estatuan, 16 eurodiputatu eskuratuta, eta PSOEk 14 eserleku lortu ditu. Hauteskundeen ondorio nagusienetako bat, baina, PSOEk eta PPk osatzen duten alderdi-bitasunaren amaiera izan daiteke.
Pablo Iglesiasen Ahal Dugu eta Albert Riveraren Ciudadanos lehenengo aldiz joango dira Europako Parlamentura, 5 eta 2 diputatu eskuratuta, hurrenez hurren.
Espainiako Estatuan Ezker Anitza izan da hirugarren indarra, 6 eserleku eskuratuta, eta hauek geratu dira ondoren: Ahal Dugu (5); UPyD (4); Europaren Aldeko Koalizioa (CiU-EAJ), hiru diputaturekin; Esquerra Pel Dret a Decidir (ERC) eta Ciudadanos (2 diputatu); eta Herriek Erabaki (BNG-EH Bildu) eta Europako Udaberria (Equo), diputatu banarekin.
Alderdi-bitasuna
PPren eta PSOEren alderdi-bitasunarentzat kolpe gogorra izan dira hauteskundeak, botoen % 49,07 eta 30 diputatu soilik lortu dituztelako, demokraziako emaitza txarrena. Espainiako Estatuko bi alderdi nagusiek guztira 5 milioi boto galdu dituzte (PPk 2,7 milioi eta PSOEk 2,3 milioi).
Botoen % 49,07 horretatik, PPk botoen % 26,05 jaso ditu, eta PSOEk, gainerako % 23,02a. Hala, aurreko hauteskunde europarren aldean, PPk 16 puntu galdu ditu eta PSOEk 15,5.
2009ko Europako hauteskundeetan, bi alderdien artean botoen % 80,90 eskuratu zituzten, PPk 24 diputatu eta PSOEk 23 lortuta, Espainiako Estatuan aukeratzen diren 54 diputatuetatik.
Hala ere, aurreko hauteskundeetan bi alderdi nagusi horiek inoiz izan duten emaitza onena 2004koa izan zen, bien artean botoen % 84,67 eskuratu baitzituzten.
PSOEk ez du baztertu emaitza txarrek ondorioak izatea
Elena Valenciano hautagai sozialistak ez du baztertu gaur lortu dituzten "emaitza oso txarrek" ondorioak izatea alderdi barruan, inoiz izan dituzten txarrenak izan direlako. Hori horrela, "bihar bertan" Batzorde Federalak bilera egingo omen du emaitzak aztertzeko, eta "hartu beharreko erabakiak hartzeko".
Bien bitartean, PP gustura agertu da PSOErekiko aldeari eusten diolako eta, Alemaniarekin batera, agintean dagoen alderdiak irabazten duen estatu bakarrenetakoa delako.
Parte-hartzea, aurreko hauteskundeen ia berdina
Parte-hartzea % 45,58koa izan da Espainiako Estatuan, 2009ko hauteskundeetan baino sei hamarren altuagoa, Kataluniako mobilizazioari esker batez ere, bertan parte-hartzea % 10,6 igo baita. Izan ere, Katalunian zenbatu dituzte boto gehien hauteskundeotan, parte-hartzea % 47,54koa izan baita, eta duela bost urte % 36,94koa.
Datuak ehunekoei begiratuta aztertuz gero, berriz, tasa altuena Errioxan izan da, botoa emateko eskubidea zuten herritarren % 49,97k eman baitute botoa. Zerrenda horretan hurrengoak Valentzia (% 49,61) eta Gaztela eta Leon (% 48,49) dira.
Gainerako erkidegoetan honakoa izan da parte-hartzea: Madril (% 48,10), Katalunia (% 47,5), Gaztela-Mantxa (% 46,95); Kantabria (% 46,90); Aragoi (% 46,81); Nafarroa (% 46,30); Galizia (% 45,35); Extremadura (% 44,78); EAE (% 44,55); Asturias (% 43,17); Murtzia (% 43,03); Andaluzia (% 42,73); Balearrak (% 36,36); Kanariak (% 35,42); Melilla (% 27,25); eta Ceuta (% 26,85).
Bestelako gertakariak
Bitxikerien artean, Errioxako Villarroya herrian bi minutuz soilik izan dute irekita hauteslekua, bertako 9 herritarrek botoa emateko behar izan duten denbora. Bertan, ondorioz, % 100ekoa izan da parte-hartzea.
Bestalde, adineko gizon batek 250 euro zituen gutunazal bat sartu du hautestontzian Madrilgo hautesleku batean, oharkabean.
Eguneko gertakari tristeen artean ere bada zer nabarmendu. Joaquin Salvo PPko diputatua hil egin da, Zaragozan, botoa ematera zihoala bihotzekoak jota.
Espainiako Gobernuak azpimarratu du ia ez dela istilurik izan, baina San Pedro de Alcantaran (Malaga) bi kontu-hartzaile elkar jotzen hasi omen dira.
Lojan (Granada), mahaia osatzeko kiderik ez da bildu, eta hauteslekuan bertaratu diren lehenengo boto-emaileekin osatu behar izan dute.
Bestelako istiluen artean, Cuencan eta Guadalajaran botoak bertan behera uztea eskatu du Europako Udaberria koalizioak (Equo, PUM+J, PCAS), euren boto-paperik ez zegoelako bertan.