Albisteak -
Kanpainaren amaiera
Euskadi Europan nazio izatea aldarrikatu du Urkulluk
"Euskal nazioak Europan aintzatespen osoa izateko bidea" abiatzeko deia egin du lehendakariak.
Erredakzioa
Iñigo Urkullu lehendakariak Europako hauteskundeetan "euskal nazioak Europan aintzatespen osoa izateko bidea" abiatzeko deia egin du.
EAJk Bilbon eman dio amaiera hauteskunde kanpainari, eta, bertan, Andoni Ortuzar presidentea eta Izaskun Bilbao hautagaia ere izan dira.
Gobernuburuak Izaskun Bilbaoren alde bozkatzea eskatu du, "Europako euskal nazioa elkarrekin eraikitzeko". Era berean, EAJren programa betetzea eskatu dio hautagaiari: "more basque way".
"Benetako ekonomiaren eta kohesio sozialaren alde egitea da bidea; gure autogobernua Europan txertatzea da bidea; hori da Europan aintzatetsia izateko Euskadik egingo duen bidea", azpimarratu du.
Halaber, EAJk Europako Alderdi Demokrataren eta ALDE Group taldearen "indarra" duela gogorarazi du.
Bestalde, Andoni Ortuzarren esanetan, Sestaoko alkateak esandakoa "akats larria" izan da, baina auzia "manipulatuta" dagoela eta dena EAJ "indartsu" izatea galarazteko "konplot" bat izan dela salatu du.
"Kanpainaren azken egunetan zikin jokatu dute gurekin, akats batez baliatu dira", ohartarazi du Ortuzarrek.