Albisteak -

EITBn

Ekonomia eta Europako eredua, hizpide nagusi hauteskundeen debatean

Saioaren bukaeran, Hodei Egiluz gogoratu dute. Izaskun Bilbao, Maider Lainez, Laura Garrido, Josu Juaristi, Leire Martinez eta Manu Aguirre izan dira EiTBko bigarren eztabaidan.

E.A | EITB.COM

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ekonomia, gizarte politikak eta Europako eredua izan dituzte hizpide nagusi Europako hauteskundeetarako hautagaiek, ostegun honetan EiTBn egindako bigarren debate saioan. Erabakitzeko eskubideak Europan duen tokiaren inguruko eztabaidak eta EBren atzerri politikak ere lekua izan dute ETB-1n, Euskadi Irratian eta eitb.com-en eskainitako emanaldian.

Saioan zehar, Sestaoko alkatearen auziaz ere galdetu diote EAJko ordezkariari. Hain zuzen ere, Izaskun Bilbao (EAJ), Maider Laínez (PSE-EE), Laura Garrido (PP), Josu Juaristi (EH Bildu), Leire Martinez (Ezker Anitza-Iratzarri) eta Manu Agirre (UPyD) izan dira platoan ostegun honetako hitzorduan.

Emanaldiaren bukaeran, Hodei Egiluz gogoratu dute hautagaiek, Anberesen desagertutako gaztearen argazkia erakutsita.

Politika ekonomikoa

Izaskun Bilbao EAJko hautagaia austeritatearen kontra azaldu da. ''Europa pertsonekin ahaztu da eta guk kritika hori egiten diogu'', esan du. Jeltzaleak batasun ekonomikoa sendotu beharra azpimarratu du, eta konpetitibitatea lortzeko kalitatezko enpleguak beharrezkoak direla defendatu du. Eredu produktiboa finkatzea ezinbestekoa dela dio, eta horretarako industria, ekonomia erreala eta eredu soziala aipatu ditu.

Maite Lainez PSE-EEko kideak uste du baliabideak egon badaudela, baina iruzur fiskalarekin bukatu behar dela. PSE-EEren lehentasuna ekonomiaren kontrola berreskuratzea da Europako Banku Zentralari eskumen gehiago ematea proposatu du.

Laura Garrido PPk ordezkariak esan du errekuperazio ekonomikoa abian dela, eta hori sustatu behar dela. ''Bide luzea dugu, baina bide egokian gaude'', esan du Garridok. Kalitatezko enplegua sortzea da PPren lehentasuna eta horretarako ekoizpen eredu berriak bilatzea proposatu du, sektore estrategikoetan arreta jarrita: autogintza, ontzigintza.

Josu Juaristi EH Bilduko hautagaiak esan du burujabetza beharrezkoa dela ''gure eredu sozio-ekonomikoa bultzatzeko''. EH Bilduko ordezkariak dio ez dela errekuperazioa inon ikusten eta egiturazko aldaketak egin behar direla. Hala, AHTra zuzendutako dirua osasun eta hezkuntza arloetara bideratzea defendatu du, ''Industrian gehiago inbertitu behar da eta zementuan gutxiago'', esan du.

Leire Martinez Ezker Anitza-Iratzarriko hautagaiaren hitzetan, ez da egia murrizketak beharrezkoak direnik, eta troikari aurre egiteko ''ezker indartsua'' ezinbestekoa dela uste du. ''Eskumak jarri du troika hor'', adierazi du.

Manu Agirre UPyDko hautagaiaren aburuz, ustelkeria ''gure txapapotea''' da. Agirrek dio berrindustrializazio berri bat beharrezkoa dela, eta berrikuntzan lehiatu behar dugula. Ildo horretan, ekonomia berdearen alde egin du.

Gizarte politikak

Josu Juaristiren hitzetan, eskuineko Europak hiru ondorio ekarri ditu: ''eskuin-muturra, matxismoa eta xenofobia''. Horren harian, Sestaoko alkatearen hitzak eta Miguel Arias Cañeteren adierazpenak izan eztabaidara ekarri ditu.

''EAJk ez badu bere kargua uztea eskatzen, bere argumentarioa erosten ari da?'', galdetu dio jeltzaleen hautagaiari  Josu Juaristi EH Bilduko hautagaiak. ''Alkatearen hitzak lekuz kanpokoak izan dira. EAJren ibilbidea ez da hori izan, eta Euskadiko ekimenek hori adierazten dute'', erantzun dio Izaskun Bilbaok.

Cañeteren polemikaren gainean, berriz, Garridok esan du PPko hautagaiak dagoeneko barkamena eskatu duela eta argi dagoela PPk emakumearen aldeko apustua egiten duela. ''Lotsagarria iruditzen zait batzuek gai hau erabili izana'', gaineratu du Garridok.

Gizarte politikei lotuta, EAJk esan du hezkuntzan, osasunean eta pentsioetan armonizazioa eta standard minimoak beharrezkoak dira. PSEk ere Europa osorako gutxieneko soldata defendatu du, eta PPrentzat, berriz, enplegua da gizarte politika onena.

Ezker Anitza-Iratzarrik, bestalde, zilegi ez den zorra ez ordaintzea defendatu du, eta UPyDko Manu Agirrek, berriz, diputazioak kentzea eta udalak uztartzea proposatu du, 40.000 milioi aurreztek, eta Euskal Herrian ere korrupzioa dagoela esan du. ''Euskadin oraindik ez dago ustelkeria kasurik; eta ez dut nik edaten. Gran Wyomingek esaten du'', erantzun dio Izaskun Bilbaok.

Europako eredua

Europa federal baten alde egin du EAJk, ''benetan agintzen duen presidentzia'' batekin. Horri lotuta, EAJk uste du Estatuek eskumenak eman behar diotela Europari.

Maider Lainezek, berriz, Europan PPrekin batera bozkatzea egotzi dio EAJri, eta nazionalistek proposatzen duten presidentea zein den ez dakitela esan du.

Laura Garridok uste du lidergoa izateko eta eragina izateko indarra behar da, eta EH Bilduko hautagaiaren aburuz, bestalde, Europak ezkerreko alternatiba behar du, ''betiko kromo aldaketa'' ez ikusteko.

Juaristik dio komunikazio arazo ikaragarria dagoela Europarekiko, eta, horri lotuta zera galdetu du Ezker Anitzak: ''Nori interesatzen zaio herritarren interes falta hori?''. ''Kontserbadoreek eta sozialdemokratek gauza bera defendatzen duzu'', esan du.

UPyDren hitzetan, bestalde, 2015erako tratatu berri bat egin behar da, Europa federal batera jotzeko. ''Bestela Europa desegingo da'', esan du.

Estatuak-Nazioak

Erabakitzeko eskubidearen inguruan, EAJk proposatu du Europan marko juridikoa lortzea, ''jakiteko nondik etorri behar den erabakitzeko eskubide hori''.

Lainezen ustez, nazionalistek Europaren eztabaida independentziaren esparrura murriztu dute, eta eskumenei dagokionez kontraesanetan aritzea leporatu dio EAJri.

Laura Garrido PPko kidearentzat, eztabaida horrek ez du lekurik Europan ''ezta gure marko juridikoan ere''. ''Euskadi Espainian egoteagatik dago Europan'', gaineratu du.

EH Bilduren hitzetan, bestalde, Europar Estatuak estatu berri baten sorrera bermatu behar du. '' Erabakitzeko eskubidea herri honen eskubidea da. Eskubideak ez dira eskatzen; hartu egiten dira, behetik gora'', adierazi du.

Ezker Anitzak uste du Euskadiren erabakitzeko eskubideari min gehien egin diona indarkeria izan dela, eta UPyDko Manu Agirrek zera esan dio Juaristiri: ''Zure motxila oso kargatuta dago. Europan zer esan behar duzue hemen egin den sarraskiaz?''.

''Nik karpeta beteta eramango dut Europako parlamentura etorkizuna eraikitzeko'', erantzun dio EH Bilduko hautagaiak.

Atzerriko politika

''Berandu iristen gara gatazka guztietara'', esan du gai honen inguruan Izaskun Bilbaok. ''Estatu bakoitzak bere burua saldu nahi du. Benetako oztopoak estatuak dira; azken orduan estatu bakoitzak berea mantendu nahi duelako', gaineratu du.

Ildo horretan, ordezkari sozialistak ere bat egin du, eta nazioartean solaskide bakarra egon behar duela defendatu du. ''Ahots bateratu eta boteretsua''.

Alderdi Popularrak eta EH Bilduk, aldiz, kontrako jarrerak plazaratu dituzte. Izan ere, Garridok defendatu du AEBrekiko harremana garrantzitsua dela; Juaristirentzat, aldiz, AEBrekiko menpekotasuna da arazo nagusia, eta Europak ekialdeari ere begiratu behar diola dio.

Ezker Anitzaren aburuz, Europak erantzukizun koloniala du, eta kanpoko elkartasuna eta lankidetza sustatu behar ditu.

UPyDko hautagaiaren ustez, bestalde, Europak Armada bat izan behar du, eta ez 28, ''orain dituen moduan''.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea