Albisteak -
Europako hauteskundeak: PSE
Rubalcabak Cañete kargugabetzea eskatu dio PPri
Bestalde, Eider Gardiazabalek eta Iratxe Garciak sozialisten alde bozkatzea eskatu dute, "Europan gauzak aldatzeko".
Erredakzioa
Eider Gardiazabal eta Iratxe Garcia PSOEren Europako hauteskundeetarako euskal hautagaiek sozialisten alde bozkatzea garrantzitsua dela esan dute, "Europan gauzak aldatzeko". Izan ere, "PPk dena dagoen moduan uztea nahi du".
Bi hautagaiak Eltziegon (Araba) izan dira, ardogintza sektoreko ordezkariekin batera, eta, bertan, sozialistek Nekazaritza Politika Bateratuaren negoziazioan izan duten papera defendatu dute.
Gardiazabalek Alemaniako Gobernuaren "nazionalismo berekoia eta epe laburrerakoa" salatu du, eta elkartasunaren aurkakoa dela iritzi dio.
Garciak "boto guztiek balio berdina" dutela gogorarazi, eta sozialistek Europa aldatzeko proiektua dutela esan du.
Bestalde, Fuenlabradan (Madril) egindako ekitaldi batean, Alfredo Perez Rubalcaba PSOEko idazkari nagusiak Mariano Rajoy Espainiako Gobernuaren eta Miguel Angel Ariaz Cañete PPk zerrendaburuaren aurka egin du: "Rajoyk bazekien zeintzuk ziren Cañeteren ideiak hautagai izendatu zuenean; horien eredua emakumeak etxean geratzea da".
Rubalcabaren esanetan, Cañeteren ideologia "eskuindar askok duten berdina da", hau da, "gizonak emakumeak baino hobeak direla".
"Rajoyk Cañete izendatu du, gauza horiek pentsatzen dituela jakinda, eta horrek erakusten du bera ere ados dagoela. Baina [Soraya Saenz Santamaria] presidentordeak hainbeste botere badu, Cañete kentzea eska diezaiola Rajoyri", nabarmendu du.