Albisteak -

Adierazpen polemikoak

Cañetek dio 'oso zaila' dela emakume batekin eztabaidatzea

PPren hautagaiaren arabera, gizonak "nagusitasun intelektuala" erakusten badu, irudi "matxista" eman dezake. Valencianok galdetu dio emakumeak debatetik kanpo utzi behar ote diren.

Miguel Arias Cañete Europako hauteskundeetarako PPren hautagaia. Argazkia: Efe
Miguel Arias Cañete Europako hauteskundeetarako PPren hautagaia.
Cañetek ez zuen bere indar guztia erakutsi 'matxista ez izateagatik'

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Miguel Arias Cañete Europako hauteskundeetarako PPren hautagaiak esan du "oso zaila" dela emakume baten kontrako debate politiko batean parte hartzea, gizonak "nagusitasun intelektuala" erakusten badu, irudi "matxista" eman dezakeelako "babesik gabeko emakume baten aurrean".

Antena 3n egindako elkarrizketa batean azaldu duenez, badaki Elena Valenciano PSOEren hautagaia ez dela babesik gabeko emakume bat, baizik eta "politikari profesionala", baina jendeak babesik gabeko emakumearen irudia duela uste du. "Rubalcaba jaunarekin eztabaidatzen badut astakeria guztiak esan ditzakegu, baina emakume batekin beste modu batean ulertzen da", gaineratu du politikari espainiarrak.

Emakumerik ez debatean?

Elena Valenciano PSOEren hautagaiak, bere aldetik, Cañeteri erantzun dio ea emakumeak debatetik kanpo utzi behar ote diren.

"Zer egingo dugu? Emakumeak debatetik kanpo?", adierazi du Valencianok Twitter bidez, Cañetek esandakoa gogorarazi aurretik: "Emakume batekin eztabaidatzea zaila da, inguratzen baduzu matxista izatea leporatzen dizute".

Adierazpen "matxistak"

Emakumeen elkarteek "matxista"tzat eta "berdintasunarekiko errespetu gutxiko"tzat jo ditu PPren hautagaiaren adierazpenak.

Marisa Soleto Emakumeen Fundazioko zuzendariak "oso desegokitzat eta berdintasunarekiko errespetu gutxiko"tzat jo ditu adierazpenak. Soletoren arabera, Cañetek "badirudi etsipenez oroitzen duela politika soilik gizonezkoen kontua zen garaia  eta ez dela eroso sentitzen emakumeen berdintasunezko partehartzearekin".

Soletok azaldu duenez, "espazio publikoetan emakumea tokiz kanpo uzteko iritziak zabaltzean oinarritzen dira adierazpen matxistak" eta "zaila da adibide hobea aurkitzea", Cañeteren adierazpenei erreferentzia eginez.

Yolanda Besteiro Emakume Aurrerakoien Federazioko presidenteak, bestalde, gogor salatu du Cañetek esandakoa, "emakumeak gizonezkoarekin eztabaidatzeko gai ez direla" esan duelako.

Saenz de Santamariak berdintasunagatiko borroka nabarmendu du

Saenz de Santamaria Gobernuko presidenteordeak Gobernuak gizonezkoen eta emakumezkoen arteko  berdintasunaren alde egindako borroka nabarmendu du, eta ez du adierazpenik egin Miguel Arias Cañeteko PPko zerrendaburuak esandako hitzei buruz, Elena Valenciano sozialistarekin izandako eztabaidan.

Presidenteordeak zuhurtzia eskatu du, eta berari ez dagokiola Ministroen Kontseiluko mahaitik deklarazio politikoei buruzko iritziz ematea adierazi du. Halere, argi utzi du "Gobernu honek beti berdintasunaren alde egin duela, eta hala egiten jarraituko duela", lanpostuen adiskidetzetik, besteak beste.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea