Albisteak -

M-25eko hauteskundeak

Cañete eta Valenciano Espainiaz aritu dira debatean, Europa ahaztuta

Hautagai sozialistak ukatu egin du Espainiako Estatua ekonomikoki hazten ari denik, eta PPren zerrendaburuak sozialistengandik jasotako herentziari egotzi dio errua.

Cañeteren eta Valencianoren arteko agurra, debatearen aurretik. Argazkia: Efe
Cañeteren eta Valencianoren arteko agurra, debatearen aurretik.
Cañetek sozialistengandik jasotako herentzia ekonomikoa kritikatu du

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Miguel Arias Cañete Europako hauteskundeetarako PPren hautagaiak eta Elena Valenciano PSOErenak garatu dituzten gizarte politikak murriztaileak izan direla leporatu diote elkarri, ustelkeriari, Kataluniari eta Europar Batasunari ia erreferentziarik egin gabe.

Cañetek eta Valencianok hauteskunde kanpainan egingo duten buruz buruko debate bakarra egin dute bart.

Debatea hasi denetik, Espainiako Estatuaren egoera ekonomikoa izan da hizpide nagusia eta bataren eta bestearen argudioen gai nagusia. Arias Cañetek PSOEri egotzi dio Espainia erreskatea eskatzeko zorian uztearen errua, eta Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidenteari esker saihestu zutela azpimarratu du. Hautagai sozialistak, ordea, ukatu egin du susperraldia dagoenik, eta eskubideak "suntsitzea" leporatu dio PPri.

PPren hautagaiak Espainiako Gobernuaren jarduna babestu du, enplegua sortzea lortu duelakoan, "nahiz eta batzuei ez gustatu". Valencianok erantzun argia eman dio horri: "Badakizue ez dela egia krisitik atera garenik".

"Hainbeste murrizketekin, errealitatea ere ukatu duzue", adierazi du sozialistak, defizita murriztu beharra dagoela eta zorra ordaindu behar dela aitortu aurretik. Hala ere, neurri horiek hartzeko, gazteak, mendekotasuna dutenak eta pentsionistak ezin direla "ahaztu" gaineratu du.

Murrizketak

Era berean, PSOEren zerrendaburuak salatu du askatasunak ere murrizten ari dela Rajoyren Gobernua.

Besteak beste, abortu legearen erreforma aipatu du. Valencianoren arabera, Espainiako Gobernuak "tiradera batean gordeta" utzi du erreforma, hauteskunde kanpainan kalte handia egin diezaiokeela jakinda.

Arias Cañetek ukatu egin du emakumeen askatasuna murriztu nahi izatea. Estatu mailako legea dela, ez Europar Batasunekoa, eta pertsona guztiek dutela bizitzeko eskubidea azpimarratu du.

Ustelkeria

Elkarri leporatu dizkioten kudeaketa txarraren adibideen artean, ordea, ez dute ustelkeriaren inguruko aipamen askorik egin.

Valencianok, hala ere, PPk ez duela gustuko paradisu fiskalez hitz egitea eta PPko buruzagiak Suitzara askotan joaten direla esan du, Barcenasi erreferentzia eginez.

Boto eskaera

Debatearen amaieran herritarren botoa eskatzeko egindako adierazpenetan, Arias Cañetek gogorarazi du "ondo" ezagutzen dituela Europar Batasuneko erakundeak ("Nire etxea bezain ondo ezagutzen dut"), eta Valencianok botoa sozialistei emateko eskatu du Europa "gizatiarragoa" eraiki ahal izateko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea