Albisteak -

Hauteskunde kanpaina: EH Bildu

Rajoyren Gobernuak ez duela 'bakerik' nahi salatu du Arraizek

EH Bilduko legebiltzarkideak presoekin "mendeku politika eta krudelkeria sustatzea" egotzi dio Barne ministroari.

Hasier Arraiz Sortuko presidentea. EiTB
Hasier Arraiz Sortuko presidentea. EiTB
Hasier Arraiz Sortuko presidentea. EiTB

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Hasier Arraiz Sortuko presidente eta EH Bilduko legebiltzarkideak Espainiako Gobernuaren aurka egin du, eta Exekutiboak "bakerik eta demokraziarik" nahi ez dituela salatu du. "Horregatik da EH Bilduren aldeko botoen beldur", gaineratu du.

Koalizio abertzaleak ekitaldia egin du Gasteizen, eta bertan Arraiz, Josu Juaristi EH Bilduren Europako hauteskundeetarako zerrendaburua eta Lorena Lopez de Lacalle hautagaia izan dira.

Hitzaldian, Sortuko buruzagiak atzo Jorge Fernandez Diaz Espainiako Barne ministroak egindako adierazpenak hartu ditu hizpide. Hain zuzen ere, ETA desegin edo presoak damutu arte ez dutela sakabanaketa politika kenduko ohartarazi zuen ministroak.

Hori horrela, presoekin "mendeku politika eta krudelkeria sustatzea" egotzi dio Arraizek Fernandez Diazi.

Bestalde, Josu Juaristi ekonomiaz mintzatu da, eta "subiranotasuna" eta "ezkerreko politikak" aldarrikatu ditu, bide hori "alternatiba bakarra" baita Espainiako Gobernuaren eta alderdi kontserbadoreen murrizketen aurrean.

Juaristik herritarrak "ez engainatzea" eskatu die alderdi eskuindarrei, horien eskaintza bakarra "murrizketak, langabezia eta prekarietatea" baitira.

Hori dela eta, maiatzaren 25eko hauteskundeetan politika horiei "aski da" esateko deia egin du, konponbidea "ezkerra eta subiranotasuna" direlako.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Europa bideoak Europako Parlamenturako Hauteskundeak Hasier Arraiz argazkiak EH Bildu