Albisteak -

Analisia

Abstentzioa, orain ere erronka

Europako Parlamentua ez da gai izan herritarrengana hurbiltzeko. Europar Batasuneko estatu kideen kopuruak gora egin du, baina Europako hauteskundeetako parte-hartzeak behera.

Europako Hauteskundeetan parte hartzeko kanpainaren irudietako bat. Argazkia: Europako Parlamentua
Europako Hauteskundeetan parte hartzeko kanpainaren irudietako bat.
Europako Hauteskundeetan parte hartzeko kanpainaren irudietako bat. Argazkia: Europako Parlamentua

Iratxe Etxebarria / eitb.com

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Europako Parlamentuak gure eguneroko bizitzari eragiten dioten politiketan zeresan handia duela esan arren, Bruselako hemizikloa herritarrengana hurbiltzeko erronkak ez du arrakastarik izan. Horren erakusgarri da Parlamenturako hauteskundeetako parte-hartzeak behera egin duela, Europar Batasunean estatu diren kideen kopuruak gora egin arren.

Azken hauteskundeetan, 2009ko ekainean egindakoetan, boto-emaileen erdiek ere ez zuten bozkatu. Aurreko urtean baino puntu bi baxuagoa izan zen parte-hartzea: % 45ekoa (azken hauteskunde autonomikoetan baino % 20 baxuagoa, hain zuzen ere).

Duela ia 10 urte, udal eta foru hauteskundeetako kanpaina bat jarraitzen ari nintzela gertatu zen. Hainbat alderdik boto eske Bilboko auzorik pobreenetako batera jo izanak atentzioa eman zidan. Boto-paperak eskaintzen zizkieten bizilagunei. Haiek, aldiz, hauteskunde kanpainako dinamikatik at zeudela argi erakusten zuten. Alegia, Bilboko alkatea aukeratzeko eskumena beren eskuetan egongo ez balitz lez. Neure artean pentsatu nuen: hauentzat Bilboko Udala atzerria da.

Europako hauteskundeen aurrean ere antzeko jarrera hartzen dugula iruditzen zait. Brusela urrun dago. Eta batek baino gehiagok pentsa dezake bere botoak ez duela ezer aldatuko. Litekeena da, baina ezin da ukatu, Europako Parlamentuak gure eguneroko bizitzari eragiten dioten hamaika kontutan zeresana duela.

Europak sakelako telefono bidez atzerritik egiten diren deien prezioa nabarmen merkatu du (beste modu batean esanda, roaming-a arautu du), hegaldi bat atzeratzen denean jaso ditzakegun kalte-ordainak zehaztu ditu... Baina legealdi honetan Europar Batasuna edo Brusela doikuntza izan da, murrizketak.

Krisiari aurre egiteko ezarri dituzten errezetek jasotako babes edo zigor bezala irakurriko dira hauteskunde hauetako emaitzak. Europarren artean haserrea nagusi da, eurogunean batez beste hiru puntu hazi da langabezia. Baina herrialdeka, aldeak nabarmenagoak dira: Espainian azken hauteskundeak egin zirenean baino 7 puntu handiago da langabezia-tasa; eta Grezia langabe kopuru handiena duen herrialdea izatera igaro da bost urtean, % 28 langabezia-tasarekin.

Oraingoan ere, abstentzioari aurre egitea da Europako hauteskundeetako erronkarik handiena.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea