Albisteak -
Aberri Eguna
Juaristi:'Ez da errealista Estatuarekin aldebiko erlazioa nahi izatea'
Europar Batasuneko hauteskundeetarako EH Bilduren zerrendaburuaren arabera, Espainiako Estatuak "oso argi erakutsi du izaera antidemokratikoa".
Erredakzioa
Josu Juaristi Europar Batasuneko hauteskundeetarako EH Bilduren zerrendaburuak esan du ez dela "aukera errealista" Estatuarekin aldebiko harremana nahi izatea, "askotan erakutsi baitu izaera antidemokratikoa".
Onda Vascan egindako elkarrizketa batean azaldu duenez, Jose Manuel Garcia-Margallo Atzerri Gaietarako ministroak EAJk estatus politiko berrirako egindako proposamenaren harira egindako adierazpenak "iruzurra" dira. Ministroak esan zuen elkarrizketa beharrezkoa zela, baina "legearen barruan" eta Estatuko lurralde guztiak aintzat hartuta.
Juaristirentzat "ez da errealista" Estatua "orain arte izan ez dena izango dela" pentsatzeko esperantza edukitzea. Horregatik, "beste pauso batzuk" emateko eta "gizartea askoz gehiago aktibatzeko" deia egin du.
Hori horrela, Eskozian eta Katalunian "gakoa" hor dagoela eta Euskal Herrian ere hor egon behar duela iritzi dio. Juaristiren esanetan, gizartea pizten ari dela erakusten duten zantzuak antzematen hasi dira.
EH Bilduren hautagaiak azaldu duenez, Euskal Herri mailan pentsatzen duten alderdiek "pausoak eman behar dituzte Estatua eraikitzeko bidean"; izan ere, ekonomia eta industria mailan herrialde indartsua izateko "alor guztietan subiranotasuna lortu beharra" dagoela azpimarratu du.