EAE-ko Hauteskundeak 2024 -
Itunak
Egibarrek 'oso zaila' ikusten du 'koalizio Gobernua osatzea'
Pello Urizar EH Bilduren legebiltzarkideak, bere aldetik, "akordio puntualak" lortzea espero du, EAJk zuzendutako Jaurlaritza babesteko.
Erredakzioa
Joseba Egibar EAJren Gipuzkoako buruak esan du ez dela baztertzen koalizio Gobernua eratzea, "baina gaur egun oso zaila da hori pentsatzea", Eusko Legebiltzarra osatuko duten alderdien "ibilbideagatik eta egoeragatik".
Egibarrek Onda Vascan egindako elkarrizketa batean azaldu duenez, EH Bilduren erantzunean "bertigo pixka bat" dago. Laura Mintegi buru duen koalizioarentzat "hankamotz" geratzen da EAJren proposamena, baina hitz egiten jarraitzeko prest daude.
"Baliteke EAJrekin akordioetara iristea ez dela ona pentsatzea baten batek", baina EAJri uztea "bakarrik agintzeko" erabakiaren ardura. Horrekin, "inor ez du behar eta nahikoa du bere buruarekin" saldu nahi omen dute. "Nire ustez euskal gizarteak akordioak behar ditu", gaineratu du.
Hala ere, Egibarrek azpimarratu du ez dela "beharrezkoa" hurrengo Jaurlaritza "koalizio batek osatzea".
Hori dela eta, gogorarazi du akordio puntualak edo lankidetza akordioak lor daitezkeela Legebiltzarrean, "iraganean gertatu den moduan". Izan ere, EAEko "erakundeen arkitektura kontuan izanda, ardurak nahikoa banatuta daude".
EH Bildu, akordio puntualen alde
Bestalde, Pello Urizar EAren idazkari nagusiak "akordio puntualak" lortzea espero du, EAJk zuzendutako Jaurlaritza babesteko, zeren zailagoa ikusten baitu koalizio Gobernua osatzea ahalbidetuko lukeen "akordio zabalak izenpetzea".
Radio Euskadin egindako elkarrizketa batean azaldu duenez, EH Bilduk iragan astean EAJrekin izandako bileraren ondoren, beharrezkoa da "sakontzeko beste bilera bat".
Urizarren esanetan, EAJk eta EH Bilduk "zehaztasunez" eztabaidatzeko "betebeharra" dute "akordio puntualak" lortu ahal izateko, "erabateko" adostasunak lortzea oso zail ikusten duelako.
EAJren eta EH Bilduren arteko desadostasun handienak politika ekonomikoan eta aurrekontuen egonkortasunerako Legean daude. Hori dela eta, Urizarrek "akordioak lortzeko aukerak dauden eremuetan" lan egiteko deia egin dio EAJri.