EAE-ko Hauteskundeak 2024 -
Jaurlaritzarako itunak
EH Bildurentzat 'hankamotz' geratzen da EAJren proposamena
Koalizio abertzaleak uste du, hala ere, badaudela gauza "positiboak" eta aurrerantzean hitz egiten jarraitzeko prest agertu da.
Erredakzioa
EH Bildu koalizioak uste du EAJren hauteskunde osteko proposamena "hankamotz" geratzen dela eta "kezkagarria" dela ekonomia eta gizarte alorrean. Hala ere, EAEko hauteskundeak irabazi zituen alderdiarekin "hitz egiten jarraitzeko" prestutasuna agertu du.
Laura Mintegi EH Bilduren zerrendaburuak eta beste lau legebiltzarkidek (koalizioa osatzen alderdi bakoitzeko bat) prentsaurrekoa eman dute gaur eta EAJren bilera-sortan helarazi zieten proposamenaren inguruko iruzkina plazaratu dute.
Mintegik azaldu duenez, EAJren proposamenak baditu gauza "positiboak", baina baita "gabezia handiak" ere, eta akordioak lortzeko "lana" eta "denbora" beharko direla azpimarratu du. Dena dela, ez du "zaila" ikusten krisiaren kontrako itun bat erdiestea.
Bestalde, Oskar Matutek kritikatu du EAJ "egungo esparruan" oinarritu dela proposamena egiteko, Aurrekontuen Egonkortasunerako Legeak aurreikusten dituen politika neoliberaletan.
EAJren abiapuntu hori "hankamotza eta kezkagarria" dela iritzi arren, Matutek esan du EH Bildu "hitz egiten jarraitzeko" prest dagoela.
"Aldaketa sakonik gabe ez da posible akordioa erdiestea eta krisi larri honetatik ateratzea", gaineratu du.
Marra gorriak
Mintegik azaldu duenez, EH Bilduk baditu marra gorriak, eta politika sozialetan murrizketak egitea da horietako bat.
Horren harira, EAJk "asmo onak" agertu omen ditu politika sozialetan murrizketak ez egitea aldarrikatu duelako. Baina hori ez omen da posible beste alor batzuetan murrizketarik egin gabe, eta EAJk ez du halakorik aipatu proposamenean, EH Bilduren lehendakarifaiaren arabera.
Aurrekontuak
Hala ere, Mintegik errefusatu egin du aurrekontuak aurrera eramateko EAJk egindako proposamena, eta azpimarratu du ezin dutela horrelako konpromisorik hartu "edukiak" ezagutu arte.
Ez dute Jaurlaritza osatzeko "oztoporik" jarriko
Bestalde, Mintegik esan du oraindik ez dutela erabaki lehendakari izateko hautagaitza aurkeztuko ote duen, baina ez omen dute Jaurlaritza osatzeko "oztoporik" jarriko.