EAE-ko Hauteskundeak 2024 -

Bide subiranoa

Independentziaren itxaropena bizirik mantentzeko eskatu du Mintegik

Laura Mintegi EH Bilduko buruak bide subiranoa jorratzen hasteko eskatu dio EAJri, Euskadiko autogobernurako esparrua "murritza" geratu delako.

Laura Mintegi EH Bilduko burua. Argazkia: EITB
Laura Mintegi EH Bilduko burua. Argazkia: EITB
Laura Mintegi EH Bilduko burua. Argazkia: EITB

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Laura Mintegi EH Bilduko buruak orain hasiko den legegintzaldi berrian independentziaren itxaropena bizirik mantentzeko eskatu dio EAJri. Mintegiren hitzetan, "Espainia lagun politiko eta ekonomiko okerra den sentimendua" dago herritarren artean.

Eferi eskainitako elkarrizketan azaldu duenez, independentziak epeak ditu eta ez litzateke komenigarria izango alde bakarretik ezartzea. Hala ere, bide subiranoa indarrez hartzeko eskatu dio alderdi jeltzaleari, Euskadiko autogobernurako esparrua "murritza" geratu delako.

Balizko prozesu independentista bati buruz Mintegik onartu duenez, Espainiako Gobernuaren eta nazioarteko erkidegoaren laguntza beharrezkoa izango litzateke. "Ez du zentzurik faktore horiek kontuan hartu gabe independentzia aldarrikatzea. Arriskutsua da oso", azpimarratu du Mintegik.

EH Bilduko buruak nabarmendu duenez, Autonomia Estatutua eta Kontzertu Ekonomikoa agortuta daude eta ez dira nahiko Madriletik datozen "inposaketak" errefusatu ahal izateko, esaterako, BEZaren igoera.

Elkarbizitzari buruzko akordioa

ETAren indarkeriaren amaieraren ostean abiatutako elkarbizitzarako akordioren barnean, aurreko legegintzaldiko bakerako txostenarekin jarraitzearen harira, EAJrekin bat ez datorrela adierazi du Mintegik. "Ekimen hura txarto hasi zen eta erabat herrena da", bertan ezker abertzalea ez zegoelako.

Legebiltzarreko bozketan bere burua lehendakaria izateko aurkeztuko ote duen galdetu diote baina Mintegik ez du auzi hau argitu. Hala ere, lehendakaria Iñigo Urkullu bada, "oposizioaren liderra" izango dela aurreratu du.

Biktimen aitorpena

Halaber, ezker abertzaleak egin duen bezala, alde bateko eta besteko biktimak aitortzea eskatu die gainontzeko alderdi politikoei. "Egokiena era orekatu batean egitea izango litzateke, indarkeriaren barnean alderdi guztiek izan duten biktimen eta errudunen tartea nork bere gain hartzeko", gaineratu du Mintegik.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea